EAren iritziz, «Madrilek estadista bat behar du»
Juanjo Agirrezabala EAko buruzagiak nazioarteko adituen lana eskertu eta oso ondo baloratu du euskal gizartea garai berrian izaten ari den parte-hartzea. Estatu espainolak, ordea, bake prozesua eta normaltasun politikoa etengabeko blokeoan jartzen dituela salatu du.
GARA | GASTEIZ
Gobernu espainiarrak nazioarteko adituak egiten ari diren lanean inplikatuta beharko lukeela adierazi zuen atzo Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasunako Zuzendaritza Nazionaleko kideak. Beste garai batzuetako konparazio bat erabiliz, azaldu zuen Aieteko jakitunak Madrili menditik jaisten laguntzen ari direla. «Eta ez du ematen lan erraza dutenik. Gobernuak bake prozesua eta normalizazio politikoa etengabeko blokeoan jartzen baititu».
Alde batetik, Estatu frantses eta espainolaren urratsik eza nabarmendu zuen Agirrezabalak; bestetik, «estrategia beraren barruan», erabaki judizialak, «Bateragune» eta «herriko tabernen» auziak. Egoera honetan, Mariano Rajoyk «kobazuloa» gatazkaren konponbidearekin lotuta hartzen dituen erabakien kontra egotea bakarrik falta zaiola pentsatuko duela ulertzen du EAk.
Harro dago euskal gizartea garai berri honetan oso ondo jokatzen ari delako, foro soziala edo Gure Esku Dago-ren gisako mugimenduak martxan jarriz. Alderdi sozialdemokrataren iritziz, «Estatu espainolak, berriz, estadista bat behar du lehenbailehen». Tamalez, ez du horretarako gai den inor ikusten.
Azken asteotan, herri honetako gizartearen gehiengoaren sentimendutik «oso urrun» sumatu ditu Agirrezabalak alderdi eta ordezkari politiko batzuk. Baieztapen horren adibide, foro sozialean parte hartzeari uko egitea eta greba orokorraren aurreko jarrera aipatu zituen. Subiranotasuneranzko prozesuaren aldeko dinamika politikoen premia dagoela errepikatu zuen, bide honetan doazen mugimendu sozialak babesteko.
Eskubide sozialak, murriztuta
Pentsioei buruz ere mintzatu zen Gasteizko parlamentaria. Madril egoera ekonomikoa aprobetxatzen ari dela agertu zuen, pertsonen eskubideak gutxienekora murrizten edo desagertzen dituen sistema bat garatzeko. Lan erreformek eta hainbat arlotan (hezkuntza, osasuna, gizarte politikak eta lan baldintzak, besteak beste) egiten ari diren murrizketek hori erakusten dutela esan zuen.
Agirrezabalaren hitzetan, ezagutarazi dituzten gomendioak politikoak dira soilik eta PPk aurrera eraman nahi dituen murrizketak legitimatzea dute xede. «Euskal sistema ekonomiko-sozial eta finantzarioaren eskaera berresten dugu, justizia sozialeko eredu bat garatzea ahalbidetuko diguna, pertsona guztien eskubideak betetzeko eta bizitza duin bat edukitzeko». EAk pentsio sistema propioaren alde egiten du, biharko pentsioak bermatzeko neurriak erabakitzeko erabateko eskubidearekin soilik har ditzaketela ikusten dutelako.