GARA > Idatzia > Kultura

Deserriak zeharkatzeko adorea, Eñaut Elorrieta

Aretoak artistari eta azken honek, oholtza gainetik, entzulegoari; elkarri emandako txalo sorta minutu pare batez luzatu da. Kantariak bere jardunarekin gozatzen duenean ez da nekeza publikoa neurri berean asetzea. Bilbon gaude eta Eñaut Elorriaga dugu aurrean.

p046_f01.jpg

 

Anartz BILBAO

Gernikarra “Deserriko kantak” plazaratu berria aurkeztera etorri da eta kantuan izugarri disfrutatzen dabil, amaieran berak aitortu digunez, zaleekin argazkiak atera eta diskoak sinatu ostean.
Mutikoa zela Lugarrin eta gero Ken Zazpirekin entzun genuen kantaria gizon gaztea da orain, eta bakarkako bidean lehen pausua du “Deserriko kantak” (Elkar, 2013). Lan berriak bere zalantza eta beldurrekin parez pare jarri ei du Elorrieta, Pablo Cabezak egunkari honetan bertan egin zion elkarrizketaren arabera.
Bilbokoa bosgarren geltokia du birak eta Andoainetik bueltan da taldea; sarrerak agortu eta ohi baino giro beroagoa izan dute Basteron –Lizarra, Azpeitia eta Bermeon ere jo dute–. Hurrengo geldialdia Hendaian egingo dute datorren ostegunean eta gero isilunea uztailean Eako Poesia Egun zoragarrietan jo arte.
Bizkaiko hiriburua ere sutsua izan ohi da musika emankizunetarako, baina oso lasaia dator zapatu iluntzea, ez da giro kanpoan. Haritz Harreguy teknikari lanetan dela, aretoko subwoofer bat (grabeen bozgoragailua) erre eta eguna okertu zaio taldeari. Kontzertua hastear da eta zalegoak ez du honen berri. Laurehun lagun inguruko dira negutik ihesi eta musikarekin berotu nahian aretoan gorde dena. Ken Zazpirena baino apur bat helduagoa da -bertan da taldekideren bat- baina tartean bada titia hartzen ikusi dugun haurtxoa ere.
BBK Areto dotorean –Kafe Antzokian bezain hurbil da oholtza, eta Arriagan bezain adi eta isilik entzulegoa–, banan-banan agertu dira eszenara musikariak, guztiak beltzezko, eta Elorrieta bera izan da argitara irteten azkena, Xabier Lete gaztearen tankera ematen dion bizar ugariarekin. Bakarkako lanaz mintzo gara, baina laukote sendoa osatu du kantariak. Musikariak adjetibatzea ez denez erraza, Elorrieta beraren hitzetan aurkeztuko ditugu: Txus Aranburu ereñozuarra teklatuetan, «sutila eta fina»; Igor Telletxea berarra baterian, «zehatza eta langilea» –egun bakarrean ikasi ei zituen kanta guztiak– eta Ruben Caballero oreretarra gitarra elektrikoetan (kapela jantzita hiruzpalau jo ditu, tartean hamabi sokakoa), «sei soken magoa». Azken hau, gainera, bidelagun izan du Elorrietak kantuen moldaketak egiteko orduan.
Soinu indartsuz, “Non dago nire herria?” galderak ireki du zuzenekoa, diskoa legez. Deserria ardatz duen lan monografikoa zenbait poeten hitzekin osatua dago, eta hau Mario Benedetti-rena da: «Non dago nire herria? Nigan dagoela? Hori da? Nirekin joan eta etorri da. Nirekin batera iritsiko da nire herrira». Errenkadan “Propostas para a definiçao do exilio” –ederrenetakoa begitandu zaigu–, eta “Besamotzaren besoa” (Joseba Sarrionandiaren testuak), “Gaua”, “Tren luzea” eta “Azken balsa” (Harkaitz Canok idatzia heriotza gai hartuta: «Noiz arte gorputzak litezke gure aberri?») ere emango ditu. Kasik osorik joko du “Deserriko kantak”.
«Kantak modu intimoan sortu nituen eta erabateko asebetetzea sentitu» zihoen Elorrietak Cabezari emandako elkarrizketan. Musikarien moldaketek ondo jantzita dakartza orain kantak zuzenekora, baina guztiaren gainetik, ahotsa da nabarmentzen dena. Erakustaldi apartekoa egin du Elorrietak, esaterako, bakarka eta akustikoan jo duen “Gernikan” hunkigarrian. Sarrionandiak idatzi eta Ken Zazpik jo, memoria egiten du kantuak –dio kantariak–, memoriarik gabeko herria herri hila baita. Argiztapena ere bikaina da, musikariak «gizon urdina» legez aurkeztu duen Javi Ullarena, paper zimurtuen gainean koloreak jaurtiz egina; bereziki ausarta kantu honetan –bonbaketa irudikatzen?–.
Berriro laukotean, “Itzulera” jo –zaleak kantuan jarrita– eta bigarren txanpan sartu gara jada. Atrilaren babesean beti, “Etxera itzuli” da hurrengoa. Sarriren hitzak berriro, Leonard Cohen-en doinuaren gainean (Bob Dylan-en bertsio bat ere jotzen ei dute kontzertu batzuetan, Bilbon ez baina). Bukaera aldera “Talaieroaren gogoetak” eta “Mendigoxaliarena” heldu dira, azken hau Rafa Ruedak atondu zuen “Ehungarrenean hamaika” (Gaztelupeko Hotsak) lanean eman zuena, Lauaxetaren poemarekin. Azkenak, “Geografia” singlea (hemen da Sarri berriro) eta “Nire aitaren etxea”, Gabriel Arestiren olerkia berriro musikatuta.
Etxera baino lehen, zalegoak eskatuta, beste bi kantu izan ditugu opari: aurki OSE-rekin grabatuko duen Ken Zazpiren “Hemen gaude” (teklatuen laguntza hutsez) –«kartzeletako deserria buka dadin», dio Elorrietak–; eta “Deserriko kontradantza”, Joan Oliver kataluniar poetari hartua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo