GARA > Idatzia > Kultura

POESIA

Sudur gorri eta guzti


Iker ZALDUA

Idaztearen arteak badu zerikusia norberaren aldartearekin. Haserreak, saminak, tristurak eskua gezi bihurtzen dute eta tinta hedatu egiten da orri zurian, zauri sakon batetik borborka ateratzen den odolaren antzera. Jakina, ez da beti horrela izaten, inspirazioa ez da beti iturri beretik isurtzen. Oier Guillanen «Elkartasun basatia» honetan, ordea, aldarte bortitzak zeresan handia izan duelakoan nago.

Euskal poemagintzaren azken aro honetan nagusitzen ari den estilo narratiboa darabil gehienean, idazkera intimoaren babesean batzuetan, adieraztekoak, aldarriak ozen eta zuzen jaurtitzeko. Lerroen artetik mezu subliminalak igortzen dizkio irakurleari, pintadak egiten ditu irakurlearen burmuinean, «ahaztua izan ala museo bilakatu, iraganak ez du beste paturik», dio «Fabrika zahar bat da iragana» izeneko poeman; «Salbatzeko modua izan daiteke Teatroa» dio «Gezurrak» izenekoan.

Poema luze batek abiatzen du irakurraldia, edo poema txikiz osaturiko poema luze batek esan behar nuke, apika. Mina aipatzen du lehen poema horretan, arestian aipatu dudan iturria martxan. Esango nuke arrapaladan idatzi duela dena, barrenak hustu dituela ahaleginean eta lasai geratu dela malkorik isuri gabe. Poema horretako paragrafo guztiek badute lotura, baina bere bakardadean ere paragrafo bakoitza poema bortitza dela esango nuke. Amaiera ere beste poema luze batekin ematen dio liburuari. Kasu honetan, baina, haur-jolas moduko bat proposatzen dio irakurleari, edukiari heldu aurretik jolasaren azalpenak ere ematen dituelarik. Irakurlearen konplizitatea bilatzen du modu agerikoan, nabari da eskarmentu handiko antzerkilaria dela Oier.

Tartean lau atal. Lehenengoaren izena «Identitatea euliari azaldua». Atal horren barnean «Patioko emakumea» aipatuko nuke bereziki. Irakurtzen den bakoitzean zentzua aldatzen dela dirudi, irakurraldi bakoitzean hitzak aldatu eta testuak beste adiera bat izango balu bezala, nahiz eta auto-erreferentzia agerikoa izan. Emakumea biderkatu egiten da irakurraldi bakoitzean, jarri emakume horren atzean subjektu ezberdinak eta testua ondo josiko da haren itxurarekin.

«Jendea izaki» izena du bigarren atalak. «Harresi etzana» hautatuko nuke atal horretatik. Nik Asier Serranoren Lorelei ikusi dut poema honetan. Agian Oierrek eskuak burura eramango ditu hau irakurtzean, baina badu kutsua. Bestalde, poema horretan bertan errepikaren hainbat teknika erabiltzen ditu («gatoz, gatoz, gatoz; Ni Berlin naiz...»). Liburuan maiz erabiltzen duen teknika da, abiadura ematen dio irakurraldiari, erritmoa. Poema honetan, gainera, bereziki gustatu zaidan lerroalde bat dago teknika hori maisutasunez baliatzearen adibide gisa («Murrua izan eta espaloia, espaloia izan eta orri zuria, orri zuria izan eta etxe hutsa, etxe hutsa izan eta paretaren izerdia, paretaren izerdia izan eta mailuaren iltzea, mailuaren iltzea izan eta ahatearen aharrausia..., baina Berlin). Esaldi bakoitzaren azken hitza hurrengoaren hastapena.

«Manikien odola» izeneko atalean manikiak aipatzen ditu lehen eta azken poeman. Hasieran manikiak zer diren galdetzen du. Azken poeman galdera batekin erantzuten du: «Norberaren antza txertaturik darama manikiak, ala gu gara haien keinuen zama daukagunak? Beste gezi bat, beste mezu bat».

Azken atalak «Oinak hotz ditut baina ez nago hilik» izena du. Bufoiak aipatzen ditu, pailazoak, zirkua, antzerkia. Izenburua bera gezi dela esango nuke, Oierren beste aldarri bat, antzerkigintza deskribatzeko.

Plaza erdira irten eta oihu egin duela iruditu zait Oierrek, poemak errezitatzen ditu pailazoaren sudurra jantzi eta oholtzara igota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo