GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Volcom Fiji Pro 2013: Olatu perfektuak eta lehiakideen itzelezko lehia nagusi Tavaruan

Tavaruako ezker olatu perfektuek eta munduko lehiakide onenek ikuskizun ezin hobea eskaini dute. Bertakoek seme kuttun duten Kelly Slaterrek irabazi zuen txapelketa eta aldi berean rankingean lehen postua eskuratu du. Orain Balin dira WCTko lehiakideak.

p044_f01.jpg

p044_f02.jpg

p044_f04.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Sekulako olatuak izan ziren Volcom Fiji Pro txapelketan. Lehiakideek beren onena eman zuten, eta azkenean, berriz ere Kelly Slater izan zen irabazlea, baina berak esan zuen moduan, «gaurko izarrak olatuak izan dira».

Ranking orokorreko lehen postuetan aldaketa nabarmenak izan dira txapelketa honen ostean. Adriano de Souza brasildarrak lidergoa galdu du eta orain Kelly Slater da rankingeko buru.

Baldintza ezin hobeetan egin zituzten txapelketako azken txandak Fijin. Hiru metroko ezker olatu perfektuetan sekulako puntuazioak bildu zituzten lehiakideek, eta denek azpimarratzen zuten halako baldintzetan lehiatzeko aukera izatea sekulako zortea zela. Kaleratuak izan zirenek ere olatuen kalitate bikaina goraipatzen zuten.

Fiji Uharteetako Errepublika 332 irla baino gehiagoz osatuta dagoen nazioa da. Melanesian dago, Ozeano Barearen hegoaldean. Nazioa osatzen duten irletatik 110 irletan ez da inor bizi eta gainerako irletan barreiatuta 849.000 biztanle inguru bizi direla estimatzen da; beraz, olatu ederrak dauden irla mordoa dagoela pentsa daiteke.

1970. urtera arte kolonia ingelesa izan zen Fiji, eta 1987ko irailean errepublika ezarri zuten. Ordutik, hizkuntza ofizialak ingelesa, fijiera eta hindustanera dira. Azken hau, batez ere indiar jatorriko biztanleek hitz egiten dute.

Fiji irletako hiriburua Viti Levu irlan kokatutako Suva hiria da. Irla hau da, Vanua Levu izeneko irlarekin batera, azalera handiena duen irla. Viti Levu irlatik gertu Tavarua irla dago. Irla txikia da, 120.000 metroko azalera du. Orain gutxira arte jabego pribatua zuen, baina 2010eko uztailean lurzoruaren legedia aldatu zen, eta ordutik posible da irlako leku bikainetan surf egitea.

Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Koral uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko arrezifeetan, eta ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea izaten da. Irlatik taularen gainean arraun egiten ere gertura daiteke surflaria, baina irlan gutxieneko azpiegiturarik ez dagoenez, bisitariak beste irletako hoteletan izaten dira gehienetan.

Cloudbreakeko olatuen kalitatea hamarrekoa izan zen, eta halako baldintzetan puntuazioak muturrekoak izaten dira, edo puntuazio oso baxua, edo oso altua, ez dago erdibiderik, zeren epaileak oso zorrotzak dira, soilik tubo handiak saritzen dituzte.

Tubo luze eta zailak egitea lortzen zuten lehiakideak saritzen zituzten epaileek, baina akats txikiren bat eginez gero edo tuboa behar bezain sakona eta luzea ez zela uste bazuten, puntuazioak ez zituen lau puntuak gainditzen.

John John Florencek 19'06 puntu bildu zituen final-laurdenetan hartu zituen bere bi olatu hoberenekin. Azken bi txapelketetan ezin izan du parte hartu Florencek, lesio baten ondorioz. Honela mintzatu zen hawaiiar gaztea: «Hirugarren postua, lesioaren ostean, oso ongi dago, zinez hasiera ona da, eta zorionez Balin ongi egin dezakedala uste dut».

Finalerdietan kanporatua izan zen C.J Hobgood lehiakideak berriz, zera esan zuen: « Azkenean tubo batzuk egitea lortu dut».

Finalean Mick Fanning australiarra eta Kelly Slater iparramerikarra izan ziren. Biak eskuin surflariak, beraz bizkarkako tuboa egiteko olatu onenaren atzetik ibili ziren. Biek egin zituzten sekulako tuboak, baina olatu onena Kelly Slaterrek hartu zuen.

Gisa honetan deskribatu zuen olatu hura hartu zuen momentua Slaterrek: «Amets batean nengoela uste nuen. Ezin nuen sinetsi halako zortea izan nezakeenik. Dena ahaztu eta olatuaren edertasunean murgildu baino ez nintzen egin. Urdin-urdina zen, leuna eta perfektua».

Azken garaipen honekin jada lau bider irabazi du Slaterrek Tavaruan. Oso ongi ezagutzen duen olatua da eta bertako jendearekin harreman berezia du.

Honela deskribatzen du Slaterrek lekutarrekin duen harremana: «Hogei urteko harremana daukat leku honetako jendearekin. Familia bat bezalakoa da. Seme bat banintz bezala hartu izan naute etorri naizen bakoitzean. Lehen aldiz txapelketa irabazi nuenean hoteleko sukaldari guztiak pozarren oihuka zeuden».

Txapela nori eskaintzen zion ere argi utzi nahi izan zuen Slaterrek: «Garaipen hau nire anaiari, bere emazteari eta jaio berri den Van haien semeari eskaini nahi diet. Esan zidaten jaiotza egunean beren ondoan egoteko aukerarik ez banuen hobe nuela txapelketa irabaztea».

Finalean izan zen beste lehiakidea Mick Fanning izan zen. Txapelketa osoan bikain aritu zen eta lortutako bigarren postuari esker ranking orokorreko bigarren postua ere eskuratu du. Puntako postuetan dabilen lehiakideen artean iraunkorrena dela esan daiteke, beti dabil lehen lau postuen artean.

WCT zirkuituko bosgarren proba gaur bertan hasiko da Balin eta ekainaren 29a bitartean luzatuko da. Brasildarrek galdu dituzten postuak berreskuratzeko aukera izango dute, izan ere Baliko Keramas eskuin olatuak jostariagoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo