GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Fan kluba handitzen

Punki itxurak egiten ibiltzen diren hippyek nire artikuluetan surfaz ez beste edozertaz hitz egiten dudala eta ez nautela atsegin esaten didatenean, txori txikia gogortzen zait. Mila esker zuen berri ematera hurbiltzen zareten irakasle, ikasle, preso, sasi punki eta marjinatuei. Silvio Rodriguezek esango lukeen moduan, «buenas noches amigos y enemigos».

p044_f03.jpg

 

GARAko erredakziora gutun bat iritsi da. "Euskal Preso puteatua" dio igorlearen izenak. España deitzen duten Afrikako lurretan dituzten ehunka zulo beltz horietako batetik idatzi du, gutun azalak dioen moduan, "Surflari Ernegatuarentzat". Egunkari hau gero eta gogo gutxiagorekin irakurtzen duen arren, astelehenero surflari xelebre honen zutabeak gogoz irakurtzen dituela dio, eta aspaldi lerro hauetan aipatu nuen aiton-amona xaharren fan klubarekin bat egiten duela dio.

Ingelesez dakien presidente bat inoiz izan ez duen eta izango ez duen lurralde berberetatik, baina beste zulo beltz batetik, Hard Core kontzertu batean jeltzale bati gaizki begiratzeagatik atxilo hartu zuten preso sozial batek, haren moduluko kideek, Surflari Ernegatuari, "El Castigador" goitizena jarri diotela ohartarazten dit.

Behin, Kepa Acerori entzun nion esaten preso batek idatzi ziola eta zera esaten omen ziola, bere bidaien kronikak irakurtzen zituenean, une batez, espetxeko hormetatik at hegan joaten zela. Kepak horrek sekulako poza ematen ziola aitortu zuen, eta nik ere bat egiten dut berarekin. Ados nago, baita jarraitzaileen artean giza txarreko gaizkileak badaude ere.

Eibarreko irakasle batek bere ikasleei nire surf artikuluak ematen omen dizkie euskaraz irakur dezaten. Lagun batek, harrituta, bere lagun baten lagunak nire artikulu guztiak irakurtzen dituela dio. Euskaraz ez jakin arren nire artikuluak irakurtzen saiatzen direnak ere badira eta batzuetan Cervantesen hizkuntzan idaztera gonbidatzen naute. Denetarikoak daude, beraz, irakurleen erreinuan, eta tartean, noski, baita surflari despistaturen bat ere.

Punki itxurak egiten ibiltzen diren gaurko ohiko hippyek nire artikuluetan surfaz ez beste edozertaz idazten dudala eta ez nautela atsegin diotenean, berriz, txori txikia gogortzen zait, pozak kitzikatzen nau. Davidek Goliat menderatu zuenean sentitu behar izan zuen zirrara bera delakoan bainago.

Baina, batez ere, irakurri nahi ez nauten nire inguru hurbileko jendeak, alegia zer ote diodan entzuteko beldur diren borondate oneko herritar eredugarriek ematen didate, besteei, hitz hauekin irri egiten omen duzuen horiei, nire berri ematen jarraitzeko indarra. Zeren, bizia ez da bertsolariek marraztu eta margolariek abesten duten bezalakoa. Ez dago denekin ongi geratzeko modurik. Batekin ongi bazaude, derrigor, haren etsaien arerio bilaka zintezke. Izan ere, hitza, egiazkoa bada, sortzailea bada, ez da, eta ez ditu, neutro itxurak egiten. Zeren giza ahotsa da, gorotzik egiten ez duena eta alferrik hotsik egiten ez duena.

Beraz, mila esker Surflari Ernegatuari zuen berri ematera hurbiltzen zareten irakasle, ikasle, jubilatu, preso, sasi punki, abeslari, tenore, soprano, surflari, langabe, enpresari eta marjinatuei. Silvio Rodriguezek esango lukeen moduan, «buenas noches amigos y enemigos».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo