Suzanne Vega folk abeslari estatubatuarrak zabalduko du Baluarteko denboraldi berria
Hainbat orkestraren kontzertu eta antzerki emanaldien artean, Baluarteren denboraldi berriko egitarauan bestelako proposamen erakargarri ugari biltzen dira, tartean, Verdiren «Traviata» opera eta zirku ikuskizuna.
GARA | IRUÑEA
Baluarte Fundazioak kontzertu denboraldi berrian izango diren kontzertuak aurkeztu zituen atzo Iruñean. Guztira hamahiru ikuskizun hartuko ditu egitarauak, eta eraikinaren 10. urteurrenarekin bat egingo du. Kontzertuez gain, zirkua, antzerkia eta zuzeneko orkestra duen zinema emanaldiak eskainiko dituzte.
Denboraldia urrian hasiko da eta 2014ko urtarrila bitartean iraungo du. Hala, urriaren 13an izango da lehenengo emanaldia, kontzertu bat, Suzanne Vega abeslari estatubatuarraren eskutik. Vega ospetsu egin zen 80ko hamarkadan «Luka» eta «Tom's Diner» bezalako kantei esker. Ordutik bederatzi disko kaleratu ditu eta mundu osoan zehar ibili da bere folk-rock doinuak zabaltzen.
Urriaren 15ean erregistroz aldatuko du Baluartek eta musika klasikoari egingo dio ongi etorria. Academy of St. Martin in the Fields (ASMF) Londresko orkestrak musika erromantikoaren hainbat adibide hautatuko ditu Iruñeko publikoak horren berri izateko. ASMF munduan grabazio gehien egin dituen ganbera orkestra da, 500tik gora saio egin baititu.
Ganbera musika alde batera utzi gabe, urriaren 29an Philippe Jaroussky kontratenorea eta Veneziako Orkestra Barrokoa elkarlanean arituko dira.
Baluarteren 10. urteurrena urriaren 31n ospatuko dute, eta horretarako kontzertu berezi bat proposatu digute: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak, Iruñeko Orfeoiak eta lau bakarlarik Verdiren «Requiem» eskainiko dute. Egile italiarraren «Traviata» opera ospetsua urtarrilean eskainiko dutela ere iragarri zuten, baina oraingoz ez dute beste xehetasunik eman.
«The artist», orkestrarekin
Urriko egitaraua indartsua bada, hurrengo emanaldiak ere ez dira gutxiago. Azaroaren 9an estreinakoz eskainiko du Baluartek film musikatu bat, hau da, filma proiektatzen duten bitartean, orkestra bat izango da musika jotzen. Lehen emanaldia «The artist» filmarekin egingo dute, eta soinu banda Nafarroako Orkestra Sinfonikoak joko du.
Dantzak ere hartuko du bere lekua. Azaroaren 20an Kubako ballet nazionala arituko da eta abenduaren 11n estatu espainoleko Dantza Konpainia Nazionala. Azken honek koreografia berria estreinatuko du Baluarteko agertokian.
Txinako Zirku Berri Nazionalak, berriz, kolorea, fantasia eta mugimendua ekarriko dizkigu (abenduak 21) «Alicia en el país de las maravillas» ipuinarekin.
Lau bonu mota salduko dituzte irailaren 4tik aurrera: osoa, partziala A, partziala B eta partziala C. Bonu partzialek hiruzpalau ikuskizun ikusteko eskubidea ematen dute.
Antolatzaileek denboraldi amaieran izango diren emanaldiei buruzko xehetasun handirik ez dute eman. Informazio gehiago nahi izanez gero, «www.baluarte.com» webgunera jo.