GARA > Idatzia > Kultura

Zazpi film laburrek osatzen dute Zinemaldian aurkeztuko den aurtengo Kimuak katalogoa

Lander Camarero, Aritz Moreno, Borja Cobeaga, Izibene Oñederra, Raul de la Fuente, Aitor Iturriza eta Bernat Gual eta Asier Altuna dira 2013ko katalogoa osatzen duten zazpi film laburren zuzendariak.

p041_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

75 proposamenen artean epaimahaiak zazpi film labur aukeratu ditu aurten Kimuak zigilupean banatzeko. Honako film laburrek osatuko dute Kimuak 2013 katalogoa: Lander Camareroren «A political story», Aritz Morenoren «Cólera», Borja Cobeagaren «Democracia», Izibene Oñederraren «Hotzanak», Raul de la Fuenteren «Minerita», Aitor Iturriza eta Bernat Gualen «Una hora, un paso» eta Asier Altunaren «Zela Trovke». Aurtengo aukeraketa Kimuaken aurrez egon diren lau zuzendarik eta beste lau berrik osatzen dute, eta hiru genero nagusiak jasotzen ditu, dokumentalaren presentzia handiarekin.

«A Political Story» Lander Camarero bilbotarrak zuzendutako dokumental faltsua da. Lauren C. Carroll, New York Film Instituteko ikaslearen ikasketa amaierako proiektutik abiatu eta Palestina NBEn estatu behatzaile bezala onartzeko zenbait herrialdek emandako aurkako botoa hartzen du oinarri.

Aritz Moreno donostiarrak hirugarren film laburra du Kimuaken, 2008an «Cotton Candy» eta 2011n «Bucle» izan ostean. Oraingoan, Richard Corbenen «Terminated» komikian oinarritutako «Cólera» film laburra aurkeztu du, herri batek bere gaitza ezabatzeko saiakera kontatzen duena.

Borja Cobeaga zuzendari donostiarra ere beste behin agertuko da egitasmo honetan, bosgarren aldiz bere kasuan. Oraingoan «Democracia» aurkeztu du, sistema politiko honen gaineko komedia karmikoa.

«Hotzanak, for your own safety» Izibene Oñederra azkoitiarraren hirugarren animazioa da Kimuaken. Filmak kontrolak identitate pertsonalaren gainean duen eraginari buruz hitz egiten du, edozein norbanako gaizkile bihurtu daitekeela adieraziz.

Raul de la Fuenteren «Minerita» aurtengo katalogoa osatuko duten lau dokumentaletako bat da, Kanaki Films Gipuzkoako etxeak ekoiztua. Boliviako meatze-gune bateko emakumeek egunero jasan beharreko arriskuen gaineko testigantza da iruindarraren lan hau. «Nomadak TX» filmaren egilea da De la Fuente, eta 2012an zuzendutako «Virgen Negra» laburra Goya sarietako finalista izatera iritsi zen.

«Una hora, un paso» dokumental fikzionatua, Aitor Iturriza donostiarrak Bernat Gual mallorcarrarekin batera ESCACeko Zuzendaritza Masterrean zuzendutako proiektua izan da. Juan Jose Gonzalez Beltran preso ohiaren istorioa kontatzen du, Egipton heriotza zigorra jaso zuena.

Azkenik, Asier Altunaren dokumentalak «Zela Trovke» aspaldiko abesti eslovakiarrari buruz dihardu. Moritat izenez ezagutzen den generoko abestiek erailketa baten narrazioa egiten dute. Bergarako zuzendariaren bost film labur izan dira jada Kimuaken.

Katalogo berria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostiako Zinemaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo