GARA > Idatzia > Euskal Herria

Biltzar Nagusiek larri gaixo dauden hiru preso arabarren askatasuna aldarrikatu dute

EAJ, EH Bildu eta EBko biltzarkideek Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jose Angel Biguri eta Jose Ramon Lopez de Abetxukoren askatasuna defendatu zuten atzo. Espetxean dituzte presoak, gaitz larriak izan arren.

Ion SALGADO | GASTEIZ

Arabako Biltzar Nagusiek larri gaixo dauden hiru preso arabarren askatasuna aldarrikatu zuten atzo. EAJ, EH Bildu eta EBko biltzarkideek Espainiako Gobernuari eskatu zioten berak ezarritako legeak bete ditzala, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jose Angel Biguri eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko libre utziz.

Halaber, atzoko Osoko Bilkuran onartutako mozioak hiru presoen Euskal Herriratzea defendatzen du, 2012ko abenduaren 28an Gasteizko Udalbatzan onartu zenak bezala, 200 gasteiztar ospetsuk egin zuten lanari esker, besteak beste, Jose Angel Cuerda alkate ohia eta Miguel Angel Ruiz Gizarte Kontseiluko presidentea.

Zehazki, Biltzar Nagusiek, «asistentzia eraginkorra jasotzeko eta bizi duten sufrimendua pairatzeko, hiru presoak libre egon arte beren etxetik hurbil dauden kartzeletara eramateko» eskatu zioten Auzitegi Nazional espainoleko espetxezaintzako epaileari. Azken batean euskal presoak Jose Luis de Castroren ardurapean daude.

Bozketa egin baino lehen, mozioaren alde bozkatu zuten alderdiek euskal presoek jasaten dituzten salbuespenezko legei buruz hitz egin zuten. Ramiro Gonzalezek (EAJ), Inigo Urkullu lehendakariak pasa den astean aurkeztu zuen plana goraipatu ostean, mozioak legearen ezarpena eskatzen duela, «salbuespenezko neurririk gabe», adierazi zuen, «eskubide guztiak pertsona guztientzako».

EH Bilduko ordezkariak, Gorka Ortiz de Guineak, ETAk 2011n hartutako erabakiak garai berri bat martxan jarri zuela gogoratu eta euskal presoek pairatzen dituzten salbuespenezko neurriak banan-banan aipatu zituen, horien artean nabarmenduz Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina eta sakabanaketa.

Nerea Galvezek (EB) atzo onartutako mozioan alderdiek ideologia alde batera utzi dutela nabarmendu zuen. «Testu hau giza eskubideak defendatzeko aurkeztu dugu», azaldu zuen.

PSEren abstentzioa

PSEko biltzarkideek bozketan abstentziora jo zuten. Jarrera horrek agerian jartzen ditu PSEren barne ezadostasunak, Gasteizko udal taldeak mozio berdinaren alde bozkatu baitzuen. PPk, EH Bildu ETAren «sukurtsala» dela uste duen alderdiak, mozioaren aurka bozkatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo