GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Baionako croises taldeak 100 urteko bidea egin du, abiatu zenean jarri zuten helburu berari eutsiz

Baionako Croises taldeak 100 urte beteko ditu aurten, eta urtean zehar hainbat ospakizun egiten ari dira, nahiz eta egun nagusia abuztuaren 18a izango den. Kirol mailan, Baionako beste taldea aurten lehen aldiz Akitaniako Ohorezko Mailara igo da, mendeurrena biribilduz.

p032_f01.jpg

Jon LEUNDA

Baionako Croises taldeak 100 urte betetzen ditu aurten. Futbol taldea da klubeko nagusia, baina ez bakarra, soinketa eta mahai tenisa ere biltzen baititu Croisesek. Futbola nagusi izanik, eta Aviron ere hiriko taldea izanda, beti horren itzalpean aritu behar izan du, nahiz eta lana ongi egin izan duen beti, hasierako helburuei eutsiz.

Futbol taldeak, gainera, sekulako balentria egin du aurten, Akitaniako Ohorezko Mailara igo baita. Inoiz aritu den mailarik gorenean aritu beharko du datorren denboraldian, eta, kontuan hartuta, Aviron azken hamarkadan arituko den mailarik apalenean arituko dela, bien artean maila bakar baten aldea egongo da datorren denboraldian. Estatu espainiarreko mailekin alderatuta egitura ezberdina du Frantziakoak; hala, Aviron Bigarren B eta Hirugarren Mailaren tarteko maila batean arituko da, eta Croises Hirugarren Mailaren pareko batean.

«100 urte hauetan, Croises talde amateurra izan da, eta horrelaxe jarraituko du. Hau sentimendu bat da, gure harrobiko jendeari aukera eman nahi izan diogu beti, eta ez dugu ezertan aldatuko», esan zuen Jean Pierre Martinezek, taldeko presidente eta entrenatzaile izandakoak.

«Akitaniako Lehen Mailan talde askok jokalariak kontratatuta zituzten. Gure atzetik geratu zen La Breede taldeak, esaterako, diru dezente ordaintzen zien jokalariei, eta guk batere ez», dio Pierre Penaltak, taldeko zuzendaritzako kideak. «Datorren denboraldian, gauzak are eta zailago izango ditugu; izan ere, hor dauden gainerako talde guztiek jokalariak kontratatuta izango dituzte, eta guk, berriz, erabat amateurrak izaten jarraituko dugu. Hurrengo denboraldirako zorro bat beteko dugu diruarekin, eta handik ordainduko ditugu jokalariei ateratako txartel hori eta gorrien isunak, eta hortik sobratzen bada, denboraldi amaieran bidaia bat egingo dugu», gaineratu du Penaltak.

Hori bai, Croisesek datorren urterako aldaketa txiki bat ere egingo du. «Azkenean badakigu non ibili behar dugun eta bi edo hiru jokalari ekarriko ditugu, baina beti gure baldintzak betetzen dituztenak, bestela ez», dio Penaltak. «Hau guztia ona da, azkenean jokalariek ez baitute gure taldean diruagatik jokatzen, baina tarteka arazo txikiak ere agertzen dira. Normalean oso arduratsuak dira gure jokalariak, baina norbait partida bezperan parrandara ateratzen bada, ezin diogu ezer esan, erabat amateurrak direlako. Soldata bat ordainduta, beste era batera izango litzateke, baina hori da gure lan egiteko era, eta oso harro gaude».

Dena dela, Jean Pierre Martinezek garbi dauka Croises ez dela lehen taldea bakarrik. «Guztira, 400 jokalari inguru izango ditugu. Helduen mailan hiru talde ditugu, eta hortik behera beste bederatzi ere bai, eta gainera futbol eskola. Guretzat harrobia oso garrantzitsua da, hortik heltzen baitira lehen taldera, eta ahalik eta ongien zaintzen ditugu», dio Jean Pierre Martinezek.

Ehun urteotan hiriko talde nagusiarekin, Avironekin, alegia, borrokatu behar izan dira haiek ere 100 urte pasa eta aurrera baitoaz. Halere, egun, inoiz baino harreman hobea omen dute. «Izan dira urte zailak, baina une honetan nahiko harreman ona dugu. Bakoitzak bere bidea egiten du, baina elkar kaltetu gabe», onartu du Penaltak. Beste talde boteretsua, Angeluko Genets da, eta kontuan izanik Angelu Baionarekin ia bat eginda dagoela, harekin ere borrokatu behar izaten dira. «Haiekin ere ez da harreman txarra, baina zailagoa da. Urtero gure gaztetxoak eramaten ditu, eta maiz guri ezer esan gabe, baina badakigu non gauden, eta zaila izango da aldatzea», azaldu du Penaltak.

Croisesek azken urte hauetan gorakada handia izan du, eta une honetan Ipar Euskal Herriko hirugarren taldea bihurtu da, Avironen eta Genetsen atzetik. Amateurren artean lehenengoa izango da talde zuri-urdina, Saint Andre auzoko taldea ere zuriz eta urdinez janzten baita, Aviron bezala, nahiz eta urdin ilunagoa izan. «Amateurren artean gu gara lehen taldea Ipar Euskal Herrian, eta hori oso pozgarria da, eta bi handiak, Aviron eta Genets, maila batera bakarrik ditugu. Bide onetik goazen seinalea da hori», dio Jean Pierre Martinezek.

Ehun urte hauetan gorabehera asko izan dira, jende asko pasa da bertatik, baina urtea joan eta urtea etorri, bertan familia giro gozo hori nabarmendu da, eta taldea utzi eta beste talde batzuetan aritu ostean, asko dira berriro ere etxera itzuli nahi izaten dutenak. Une honetan, gainera, edozein gazterentzat ere oso erakargarria bihurtu da Baionako Croises taldean aritzea, jokatu behar duen maila ere oso ona baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo