GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO | Idazlea

Marrazo zuri handia

 

Steven Spielbergek jarri zuen mundu guztiaren begien aurrean, eta jada ezingo dugu inoiz ahaztu. Bitxia da nondik ailegatu zen zinemagilea marrazo zuri handiaren istoriora: 1916. urtean, Matawan izeneko herrixkan, AEBetan, Lester Stiwell izeneko 12 urteko mutikoa ibaian bainua hartzen ari zen, Thomas Cottrell izeneko gizon batek haurraren azpian itzal handi bat ikusi eta herriko polizia-buruari (zeina herriko bizargina ere bazen) dei egin zionean. Baina inork ez zion sinetsi, gauza jakina baitzen marrazoek ezin zutela ibaian biziraun, ur gazikoak baino ez zirela. Marrazoak herritarren sinesgogorkeria baliatu zuen beste birritan gosea berdintzeko (eta herriaren erroldatik beste bi lagun desagerrarazteko), harik eta marrazoa ehizatzea erabaki zuten arte.

Bitxiena da marrazo zuri bat jo zutela gertakarien errudun, baina handik egun gutxira taxidermista batek 3 metroko marrazo-zezen bat harrapatu zuen (Donostiako aquariumean dagoenaren mota berekoa), eta hantxe gizaki arrastoak agertu ziren. Gerora jakin da marrazo zuriak ez, baina zezenak ibaian ibil daitezkeela, beraz, litekeena da marrazo «txiki» hura izatea hiltzailea. Peter Benchley idazleak gertakarien kronika «librea» idatzi zuen. Funtsezko aldaketa marrazo susmagarria eta marrazo erruduna aldatzea izan zen: liburuan susmagarria zezena izango zen, eta benetako hiltzailea, berriz, marrazo zuria. Askoz ere sinesgarriagoa zen, eta marrazo zuriaren ospe hiltzailearekin askoz ere leialagoa. Egin zuen beste aldaketarik: taxidermista inuzentea, marinel ernegatu, «itsas-zakur» eta ehiztari trebe bilakatu zuen, eta polizia-buru bizargina, ordea, Brody «kapitaina». Piezak ongi josi, eta gugana iritsi den istorioa sortu zuen, uretara sartu orduko izuz oroitzen dugun (gezurtxo) horixe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo