Praileaitz Ondare Legearen bidez babesteko eskatuko dio Lakuari Gipuzkoako Foru Aldundiak
Kostako Legearen gainetik, Praileaitz Kultur Ondare izendatzeko eta bere babes maila 65 metrotik 100 metrora handitzeko eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Lakuako Kultura Sailari.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Gipuzkoako Diputazioak, Debako Praileaitz koba babestu asmoz, eskaera bikoitza luzatuko dio Lakuako gobernuari eskutitz formal baten bitartez. Ikerne Badiola Kultura diputatuak atzo Batzar Nagusietan adierazi zuenez, batetik, babes perimetroa 65 metrotik 100 metrora handitzeko eta babes handiko eremu horretan Deba ibaiaren ondoan dagoen mendi magala sartzeko eskatuko dute. Bestetik, eremu hori Ondare Legearen bidez babesteko, eta ez, egun gertatzen den moduan, Kostako Legearen bidez bakarrik.
Izan ere, Madrilek Kosta Legea aldatzeko proiektua onartu zuenetik, babes maila 100 metrotik 20ra jaitsi da eta horrek Sasiolako harrobiari oraindik ukitu gabe dagoen mendi magala ustiatzeko aukera emango lioke.
Baina Kultur Ondare moduan babestuko balitz, Kosta Legearen gainetik legoke. Horretarako eskuduntza Lakuako gobernuak dauka.
Lakua ebazpena atzeratuz
2007an haitzuloa Kultura Ondare izendatu zuten, Monumentu izendapenaz, eta 50 metroko gehieneko babesa ezarri zen. Gutxiegi iritzita eta alegazioak kontuan hartuta, 2010ean Blanca Urgellek hori aldatzeko espedientea abiatu zuen. Baina epeak ebazpenik gabe iraungi ziren eta espedientea artxibatu egin zuten.
2012an beste espediente bat jarri zen martxan. Honetan ere hamabi hilabeteko epea zegoen ebazpena emateko eta pasa den ekainaren 7an bukatu zen. Epea amaituta, edozeinek salatu dezake berandutza hori eta Lakuak hiru hilabete izango ditu espedientea ebazteko. Hau egin ezean, berriro iraungiko litzateke eta 120/2007 Dekretuaren 50 metroko babes mailara itzuliko litzateke.
EAJtik adierazi zuten beti defenditu izan dutela 100 metroko babesa baina kontuan hartu behar direla EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2012an Zeleta enpresari (2031ra arte harrobia ustiatzeko eskuduntza duena) aitortu ziola ondare kultural izendatuz gero, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde guztiak ados agertu ziren atzo Kultura Diputatuaren eskaerekin. Inko Iriarte Bilduko batzarkideak «hitzezko adostasuna» baino ez dela egotzi zien EAJko bartzakideei, euren Gasteizko alderdikideei erantzukizun gehiago eskatu beharko lioketela iritzita. «Badirudi zementuaren eta enpresaren interesak babesten direla ondarearen aurretik».
Praileaitz Kultura Ondare izendatzeko 2012an martxan jarritako espedienteak hamabi hilabeteko epea zuen ebazpena emateko eta ekainaren 7an bukatu da. Orain hiru hilabete daude berandutza hori salatu eta alegazioak egiteko.