GARA > Idatzia > Kultura

Eric Burdonek jasoko du aurten Hondarribia Blues jaialdiko ohorezko txapela

Hogei bat kontzertu eskainiko ditu uztailaren 11tik 14ra iraungo duen Bluesaldiak. Bestalde, bluesak estatu espainolean izaniko garapenaren berri ematen duen «Crossroads» filma estreinatuko dute bertan.

 

GARA | DONOSTIA

Bere zortzigarren edizioaren kartela aurkeztu zuen atzo Hondarribia Blues Festivalek, uztailaren 11tik 14ra egingo dena, biak barne. Jarduera osagarriak ere egongo dira, dokumental bat –“Crossroads”– eta hitzaldi bat –“Kondaira 100 urte, Mr. Pinetop Perkins”–.

Jaialdiaren zuzendari Carlos Mallesek ekitaldi hau aurrera ateratzerakoan diren oztopoen berri eman zuen Donostian egindako prentsaurrekoan: «Ez da batere erraza izan, era honetako musika ekitaldietarako bizi ditugun garaiekin, baina artisten, instituzioen eta enpresa babesleen jarrera onari esker, lortu dugu oso programa egokia osatzea, gu oso gustura gaude eta seguru zaleek ere primeran pasatuko dutela. Doan dira kontzertu guztiak, hori oso garrantzitsua da guretzat eta lortu dugu aurten ere errealitate bihurtzea».

Hogei bat kontzertu biltzen ditu programak –guztiak ere jende guztiarentzat irekiak eta doakoak–, bost agertoki ezberdinetan kokatuko direlarik.

Ahots beteranoak eta berriak

Programari dagokionez, artista guztien kalitatea nabarmendu zuen Mallesek. «Baditugu ahots beteranoak jada ezagunak eta askok miresten dituztenak, eta beste batzuk miresten hasiko da jendea hemendik aurrera, artista gazteak badira ere, talentu handia baitute eta lan bikaina egiten baitute agertokian».

Aurten, jaialdiak omenaldi berezia egingo dio izen handiko gonbidatu bati, Eric Burdoni,  bere azken lana, “Til Your River Runs Dry”, aurkeztera datorrena. Bere ibilbide luze eta oparoa saritzeko, berari emango diote aurtengo ohorezko txapela, aurreko urteotan Johnny Winterrek eta Pinetop Perkinsek, besteak beste, jaso zutena.

Burdonez gain, Bluesaldia blues garbienera hurbildu da Delta Harp Blastekin, Sugaray Redfordekin (orain dela bi urte Hondarribian izan zena), Shemekia Copelandekin edo Erne Malina Moyer gitarra-jotzaile eta abeslariarekin.

The Romanticos talde gipuzkoarra ere egongo da Hondarribian, baita Kataluniako Segarra Inn Blues eta Wax & Boogie taldeak, Madrilgo Tonky Blues Band eta Mike Sponza & The European Blues Convention ere.

Bestalde, “Hondarribia Crossroads, El Punto de Encuentro” dokumentala estreinatuko da. 2011ko Hondarribia Blues jaialdia egin zen bitartean filmatu zen eta bluesak Estatu espainolean gure egunetara arte izan duen historia azaltzen du.

Agertokiak kalean bertan jarriko dituzte: Benta, Blue Village, Calsberg, Schuss agertokia eta Kutxa agertokia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo