eh jaietan
Asier Cuevasek lagunduko die Lizarrako dultzaineroei Eibarren
Eibarko jaien une berezienetakoa -eta hunkigarrienetakoa- Lizarrako dultzaineroei Estaziño kalean egiten dieten ongietorria da. Izan ere, hala hasten dituzte herri honetan sanjoanak, eta ez udaletxeko balkoiko ohiko txupinazoarekin. Aurten, Eta kitto! eta Badihardugu euskara elkarteak eta Asier Cuevas atletismo lasterkari txapelduna izango dituzte ondoan.
Maider IANTZI |
Eguerdiko ordu batean heldu ohi zen Lizarratik Eibarrerako bidea egiten zuen trena, eta han iristen ziren dultzaineroak. Aspalditik dator haiekin kalejira egiteko ohitura; Elizaga familia 102 urtez etorri zen Eibarko jaiak iragartzera, eta 2008an erretiratu zenean Lizarrako Gaiteroak taldeari pasatu zion lekukoa. Urtez urte aldatzen joan dira sanjoanak, baita gizartea bera ere, eta horren testigu izan dira Nafarroako musikariak. Gaur egun, Jose Luis Gonzalez Eibarko Udaleko Kultura arduradunak definitzen duen bezala, ekitaldi «herrikoi, sinple eta bitxia» egiten dute. 4.000-5.000 lagun joaten dira dultzaineroen atzetik Estaziño kaletik udaletxea dagoen Untzaga plazaraino.
Aurten gonbidatu eta omendu bereziak izango dituzte. Alde batetik, Asier Cuevas eibartarra, Europako 100 kilometroko lasterketako txapelduna; bestetik, bi euskara elkarte, Eta kitto! eta Badihardugu. «eta kitto!» aldizkariak 25 urte bete ditu herriko albisteak eta informazioa euskara hutsean helarazten. Badiharduguren Euskal Herriko Ahotsak proiektuak, aldiz, 10 urte egin ditu 75-80 urtetik gorako jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzen, ondoren herritarren artean zabaltzeko.
Igandean izango da kalejira hori, San Joan bezperan, baina ekain osoa daramate eibartarrek jai giroan. Hiru esparrutan banatzen ditu Gonzalezek ekitaldiak: dantza, margolaritza zein kirol taldeek egiten dituzten kurtso amaierako ekintzak; kontzertu, dantzaldi eta kale antzerkiak; eta tradiziozkoak diren dultzaineroen ongietorria, suzko erroberak eta danborrada. Azken honetan, 150-200 lagun biltzen dira gauean sua piztu eta gero, eta hurrengo egunean, arratsaldean, 300 ume. Sortzen den mugimenduari itxura hartzeko, 35 taldek parte hartzen dute antolakuntzan.
Txosnagunean
Udaletxeko egitarauaz gain, gazteek txosnagunean antolatutakoa ere badago. Bertako kideek azaldu dutenez, gaur zabalduko dute espazioa, 20.00etan egingo duten txupinazo antzeko batekin. Triki-poteoa izango da elektrotxarangarekin, eta ondotik Eutsi eta Skakeitan taldeen kontzertuak eta DJen emanaldia.
Bihar, herri kirolak eguerdian, Herriraren bazkaria, txalaparta ikastaroa arratsaldean, eta gauean Gaztetxeak antolatutako mojito eta sangria jaia izango dira. Hake Mate, DJ Okerreko eta Rumaniak & Txalapartak emango dituzte kontzertuak.
Igandean, Gazte Egunean, dultzaineroen harrerara batuko dira eta triki-poteoa egingo dute. 15.00etan, herri bazkarian, Biziminak egindako paella jango dute. Gaixotasun arraro bat duen herriko neska bati laguntzen dion elkartea da Bizimina. Txartel guztiak salduta daude eta 500 lagun bilduko dira. Jolasen eta elektrotxarangaren ondoren, San Joan sua pizteko unea izango da, eta txinparta magikoen gainetik salto egin eta gero, On eta eMePebo5t taldeen kontzertuez gozatzekoa. Eta oraindik astelehena gelditzen da, Mozorro Eguna. Gaia, zirkua. Hortik aurrera, bidea libre, norberaren irudimena iristen den lekuraino bidaiatzeko... Indarrak hartzeko, nola deitu ez zekitelako azkenean Janari Lehiaketa izena jarri dioten txapelketa, osagai sorpresa eta guzti, eta gauean, karaokea.
Gazte Egunean, herri bazkarian, Bizimina elkarteak egindako paella jango dute. Eritasun arraro bat duen herriko neska bati laguntzeko sortu zen antolakunde hau.
Danbor baten irudiak iragartzen ditu aurtengo Eibarko San Joan jaiak. Bi makila ditu gainean, jotzen hasteko prest. Olatz Oñederraren irudia da taberna, denda eta kaleetako paretetan ageri dena; «Danborraren kolorea» izeneko lana, Udalak antolatutako kartel lehiaketako irabazlea. Haurren artean, Iker Arginzonizen eta Salma Losadaren lanak aukeratu dituzte.
Kamiseta, txapel, soineko eta poltsetan itsatsita batetik bestera ibiliko diren marrazkiak, aldiz, Xabier Arrietarenak dira. Alkohol gehiegikeriaren kontrako pegatina txapelketako lanik onena aukeratu dute umorez betetako lan hau. «Ez da herri kirola, beraz kontrola!» mezua du idatzita pegatina biribilak. Erdian, bestazale bat azaltzen da erdi balantzaka ia bera adinakoa den edalontzia altxatzen harri-jasotzaile baten gisan. M. I.