GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostian etxebizitza hutsei %50 igoko diete ondasun higiezinen zerga

Etxebizitza eskuratzea Donostian lehentasunezko arazoa dela iritzita eta alokairua sustatu nahian, azarotik aurrera etxebizitza bat hutsik duten jabeek Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko gainordaina pagatu beharko dute. Udalak 4.890 etxebizitza huts atzeman ditu.

Oihane LARRETXEA |

Aurrerantzean Donostian etxebizitza bat hutsik mantentzen duten jabeei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko gainordaina ezarriko zaie. Udalak hartu-agiria duen jakinarazpena bidali die kasu horretan daudenei; hain zuzen, duten etxebizitza behin-behineko erroldan dagoela ohartarazteko. Orain, Udalak hilabeteko epea emango du egoera horretan daudenek alegazioak aurkeztu ditzaten.

Helburua ez da dirua biltzea, Jabi Vitoria Ogasun aholkulariak adierazi zuenez, baizik eta etxebizitza hutsik mantentzen duten jabeei horiek alokatu ditzaten «bultzatzea», Donostian etxebizitza lehentasunezko gaia baita, eta hori eskuratzea bereziki zaila dute gazteek.

Fase ezberdinetan banatu den lan mardularen ostean, orotara 4.890 etxebizitza dira OHZn %50 gehiago ordaindu beharko luketenak. Kalkuluen arabera, 300.000 eta 500.000 euro artean bilduko lirateke, nahiz eta nabarmendu zutenez, xedea alokairuzko etxebizitzen eskaintza zabaltzea den. «Kontu handiz gabiltza -esan zuen Vitoriak-, ez dugu behar direnak baino zerga bat gehiago kobratu nahi, ez badugu kobratu behar».

Juan Mari Trueba Zerga Bilketa bulegoko arduradunak ere hori berretsi zuen, eta egindako azterketa sakona izan dela azaldu zuen, akatsik egon ez dadin.

Zehaztu zuenez, azterketa egiteko biztanleen errolda, katastroa eta ur kontsumoak aztertu dira. Aipatutako 4.890 etxebizitza hutsak hiru multzotan sailkatu ditu Udalak. Horietatik 1.652 etxe dira kontagailua irakurrita zero markatzen dutenak. Egun, gainordaina aplikatzeko moduan dauden kasuak dira.

Bestetik, 2.929 dira inor bizi ez dena baina kontsumoa zehazterik ez dagoena, kontagailu orokorra dutelako.

Azkenik, 400 etxebizitza daude kontagailu propioa dutenak, baina kontsumoa zehazterik izan ez dena, irakurketarik egin ezin izan delako.

Alegazioak ebatzi ondoren

Alegazio-epea amaituta, Udalak ebazpenen berri eman eta gainordaina kobratzeko aginduko du. Jakinarazpen hori azaroan egingo da, aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren.

Gainera, jurisdikzio-instantzietara jotzen dutenen kasuan, alegazioak gainordainari bakarrik eragingo dio; izan ere, ohiko OHZren kobrantzak urteroko prozedurari jarraituko dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo