Mikel Jauregi | Kazetaria
Txokora
Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo; edo Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizola. Etzi, Bilboko Bizkaia erraldoian, esku-pilotaren azken hamarkadako bi dominatzaileak Buruz Buruko 2013ko txapel beltza nork jantziko lehiatuko dira. Beste behin. Eta enegarrenez, pilotazaleon begiak goxatuko dituzte, aukeran emanez gero beti biok hautatuko baikenituzke finaletarako. Klasiko bat.
Olaizola II.a eta Irujo: pilotaren historia-liburuko orri garrantzitsuenetan toki oso nabarmena izango duten bi izen. Erretiroa hartzen dutenean ohartuko gara hauen arrastoa zein tamainakoa den, profesionaletan izan duten ibiliaren ondorioak zenbaterainokoak diren. Utziko duten zuloak emango digu neurria.
Baina Juanek eta Aimarrek esku-pilotari eman diotena (eta oraindik ere emango diotena), egiaz, 30, 40, 50 urte barru neurtuko da. Txapelez eta torneoez aparte neurtuko ere. Olaizolak, 15 urteko ibilbidean, 11 txapela jantzi ditu (19 finaletara iritsita); eta Irujok, 10 urtean, 10 (17 final). Orain arte. Baina zenbaki hotzez aparte, pilotan egiteko -bikain egin ere, eta irabazi gainera- modua goitik behera aldatu izanagatik neurtuko da beren itzala. Eta zintzoak izatekotan, iraultzaren hasiera data iberoarraren debutean jarri beharko da.
Sarritan entzuten da gaurko pilota ez dela garai batekoa, «errua» materialari egotzita. Gaurkoa itsusten saiatzen dira, baina jopuntua oker jarrita. Irujok eta Olaizolak duela 50, 40, 30 eta 20 urte ere (pilota ilun haiekin, elastiko zuri haiekin eta pilotaleku zuri haietan) txapelak pilatuko zituzten (beste modu batera jokatuz, bai, baina irabazi), baina orduan kantxetan distira egiten zuten asko gaurkora ekarriko bagenitu...
Bizitzako edozein arlotan bezala, iragan urrunenetik gertatu den bezala, ahala da gakoa. Gaitasuna. Kategoria. Eta biok sobera dute hortik. Iraun diezaiela puska batean.
P.D.: Ez zekiat pilotalekura inoiz joan haizen jaialdirik ikustera. Ez zekiat telebistaz jarraitzeko ohiturarik baduan edota, aitzitik, Euzkitze-Lizartzaren ahotsak entzundakoan zapping egiten duan. Ez jakiteagatik, ez zekiat pilota atsegin duan ere. Dakidan bakarra duk igandeko finala «ikusi-ez ikusi»ren artean erabakitzeko aukerarik gabe utzi hautela. Hurrengo torneoa hasterako, gutxien-gutxienez, herrian nahi haugu, Ruben.