GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi egun baino ez du iraun gaztetxeak, baina ez dute etsiko Santutxuko gazteek

Joan den astean, Santutxuko Gazte Asanbladak lokal hutsa okupatu zuen Ritxi plazan, gaztetxea sortzeko asmoz, baina Udaltzaingoak aterarazi egin zituen. Halere, gazteek ez dute itxaropenik galdu.

M.PASTOR-A.BUTRON | BILBO-BAIONA

Ospakizunek berezko duten alaitasunaz, Santutxuko dozenaka gaztek Ritxi plazan abandonatuta dagoen lokala okupatu zuten, auzoa biziarazteko gaztetxea sortzeko asmoz. Aste osoan zehar «Jaio ginen, Bizi gara!» lemapean Santutxuko Gazte Asanbladaren 20. urteurrena ospatu eta gero, hori biribiltzeko era bikaina zen eta helburua, argia: «Autogestioaren bitartez gazteentzako alternatibak eraikitzea».

«Zenbait auzokidek gurera etorri eta animatu egiten gintuzten, aurrera jarraitzeko», nabarmendu zuen gazteetako batek. Gauzak horrela, lokala garbitzeko eta txukuntzeko deialdia zabaldu zuten. «Sartu ginenean txundituta geratu ginen. Dena hankaz gora zegoen. Jakin genuenez, lokalak urte mordoa zeraman inolako erabilerarik gabe».

Ametsak, zoritxarrez, ez zuen denbora luzean iraun. Gaztetxea sortu eta bi egunera, astearte goizaldean, zenbait udaltzainek gaztetxe berriaren atea behera bota, eta sarraila aldatu zioten. Gazteek adierazi zigutenez, udaltzainek «ez zuten inolako agiririk erakutsi, ez desalojo agindurik, ez salaketaren kopiarik».

Ezusteko horrek, halere, ez ditu asanbladaren nahiak geldiarazi. Oraingoz, lokalaren jabearekin hitz egiten saiatuko dira, akordio baten bitartez lokalaren uztea ekiditeko. «Guk negoziatzeko eta akordio batera heltzeko borondate osoa daukagu. Gure bidea egingo dugu, oztopoen gainetik auzoan alternatibak eraikitzen jarraituko dugu», baieztatu zuten kide guztiek aho batez.

Larunbatean okupatutako gaztetxea Santutxuko bosgarrena zen. Lehendabiziko okupazioa 1995ean gertatu zen, Morroko Meatzeko eraikin batean. «Santutxun mota honetako lehendabiziko esperientzia izan zen, eta zazpi hilabete soilik iraun arren, horrelako ekimenei ateak ireki zizkion». Oinarriak jarrita, autogestio eta okupazio esperientzia horretan sakontzea zen hurrengoa pausoa. Santutxun, bi hitz horiek Sorgintxulo gaztetxearekin lotuta daude. Auzoko zinema zaharretan kokatuta, ibilbide oparoa egin zuen, arrakastatsua oso.

Sorgintxuloren bidea 2004. urteko udan amaitu zen, poliziek gaztetxea utzarazi eta gero. Hurrengo gaztetxea irekitzeko 2008ra arte itxaron behar izan zuten. Kasu honetan, Polizia espainolaren komisaria zaharra okupatu eta auzoko hirugarren gaztetxea martxan jarri zuten Santutxuko gazteek, Lakomi izen adierazgarriarekin. Zoritxarrez, azken hori ere utzi egin behar izan zuten.

Azken bi saiakerak nahiko berriak izan dira. 2012ko apirilean, Basarrate inguruan zegoen saltokia okupatu eta Uztaldi gaztetxea sortzea lortu zuten. «Uztaldik ibilbide laburra izan zuen, baina oso oparoa. Asko ikasi genuen bertan, bai guk bai gurera gerturatu ziren elkarte mordoak». Uztaldiren ametsa urte bereko irailean amaitu zen, oraingoan bezala, bat-batean utzarazi zietenean. «Oztopoak eta trabak hor izango dira, baina baita aurrera egiteko eta bestelako alternatibak eraikitzeko indarra eta grina ere».

Baionan, epaiketaren zain

Bestalde, Baionako Plantoun auzoko etxe hutsa okupatu zutenen aurkako epaiketa datorren ekainaren 26an izango da Baionan. Atzo, Laurence Hardouin abokatuarekin agerraldia egin zuten Hartzea Lopez Arana, Carine Courtiade, Jean Luc Del Campo eta Jennyfer Audy auzipetuek eta, okupazioa «bortizki egin izana» leporatzen dietela gogorarazi zuten. Maiatzaren 28an hasi zuten okupazioa, eta, ekainaren 8an, etxean egindako sostengu aperitifaren ondotik, lau lagun horiek atxilotu eta auzipetu zituzten.

akordio bila

Bilboko udaltzainek larunbatean gazteei okupatutako lokal hutsa utzarazi dieten arren, Asanbladako gazteak jabearekin negoziatzen saiatuko dira, akordio baten bitartez gaztetxea sortzeko

7 katu

Bilboko Zazpi Kaleetako gaztetxea ere utzarazteko arriskuan dago, jabeak gaztetxearen eraikina saltzeko asmoa agertu duelako. Batzar irekira deitu zuten atzo, guztien artean mehatxu horri nola erantzun adosteko

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo