REBEKA UBERA, EH BILDUko lEGEBILTZARKIDEA
«Lakuaren lehentasuna, murrizketak aplikatzea»
Rebeka Ubera (Elgeta, 1972) askotan azaldu da berrordainketaren kontra. Bere iritziz, Madrilgo Gobernuak onartu duen neurriak «ez dauka ez bururik ez hankarik». EAJk eta PSEk adostutako ekimena «makillajea» dela dio. Bere ustez, Lakuak herritar guztiak konpentsatu behar ditu.
I. SALGADO | GASTEIZ
Zer iruditzen zaizu berrordainketaren aplikazioa?
Berrordainketak osasun babeserako eta arretarako eskubidea urratzen ditu. Gu saiatu gara neurri hori aplikatu ez dadin. Horretarako neurri zehatz eta errealak proposatu ditugu behin eta berriro Legebiltzarrean. Baina Urkulluk eta bere taldeak, oraingo honetan PSEren laguntzarekin, nahiago izan dute Madriletik proposatzen diren neurriak aplikatzea.
EAJk eta PSEk urtean 18.000 eurotik beherako errenta dutenei konpentsazioak emateko akordio bat sinatu dute. Baliagarria al da berrordainketari aurre egiteko?
PSEk eta EAJk adostu duten neurriari dagokionez, esan behar dut neurri horrek erakusten duela badaudela aukerak berrordainketa ez aplikatzeko. Ez duguna ulertzen da gizarteko sektore hauei aplikatzen baldin bazaie konpentsazio neurria, zergatik ez beste herritar guztiei? EH Bildun saiatu gara behin eta berriro mahai gainean jartzen konpentsazio neurriak herritar guztiei aplikatzeko aukera; horretarako bi legez besteko proposamen ekarri ditugu Legebiltzarrera, baina ez dago hori aurrera eramateko borondaterik.
Lakuak planto egin behar du Madrilgo Gobernuak adostutako legearen aurrean?
Zalantzarik gabe. Lakuaren lehentasuna bere herritarrak defendatzea izan behar da, baina ikusten dugu lehentasuna PPko murrizketak aplikatzea dela.
Pentsiodunek ordaindu beharko dute. Zer nolako eragina dauka horiengan?
Eragin ikaragarria dauka. Egia da momentu honetan gure aiton-amonak, gure gurasoak, bilakatzen ari dira gizarteren sostengua. Ikusita zein langabezia maila dagoen, gazte eta herritar asko daude egoera oso gorretan. Eta berrordainketa beste harri bat da.