GARA > Idatzia > Kultura

Buruhandi eta erraldoien dantzak ekarri du beroa Donostiara

Suak ez, atzokoan buruhandi eta erraldoiek epeldu zituzten Donostiako kaleak. 1813ko gertakariak gogoan, goizeko lehen ordutik Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako berrehun pertsonaia Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko kaleetan barna ibili ziren.

p051_f03_98x89.jpg

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Erdibideko neurriak ahaztuta esnatu zen Donostia atzo goizean. Lau metrotik gorako erraldoiak alde batetik, garondoa tolestuta begiak gorantz eramaten zituzten metro eskaseko haurrak bestetik. Tartean, dimentsioak buruaren tamainaz hausten zituzten buruhandiak, eta, kontrapuntua ematen, mapa tolestua besazpian hartuta hamaika hizkuntza ezberdinetan horiek zer ote ziren galdetzen zuten atzerritarrak.

Guztiek egin zuten bat 1813ko gertakariak oroitzeko ekitaldian. Guztira, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako berrehun buruhandi eta erraldoi, bana Gipuzkoako hiriburua errauts bihurtu zetenik hona igaro den urte bakoitzeko.

Ekitaldiari goizeko lehen orduan eman zioten hasiera eta, taldetan banatuta txistu eta danbolin doinuz erdiguneko hainbat puntutan dantzan aritu ostean, guztiek egin zuten bat 11.30ean abiatu zen ekitaldi nagusian. Hiru zutabetan banatuta, lau metrotik gorako itsasgizonak (bale eta guzti), artzainak, baserritarrak, jauntxoak, dantzariak, arrain saltzaileak, hainbat inauterietako pertsonaiak, errege-erreginak eta Ekialdeko pertsonaiak jira eta bira artean bildu ziren Diputazioaren eraikinaren parean. Jende artetik, maskuriak eskuetan haurren zelatan zebiltzan buruhandiak irten ziren, eta, haurrak, jostari, horiei zirika egiten jardun ziren. Denak ez, tartean haurra kontsolatu ezinean zebilen gurasorik ere ikusi baitzen.

Halaxe, giro betean egin zituzten Bulebarrera bitarteko metroak, eta, hain zuzen, orduan sumatu zen ekitaldiaren tamaina: musikaren burrunba hotsek, ilaran txukun jarrita zeuden erraldoiek eta han-hemenka barreiatuta zebiltzan buruhandiek hartu zuten Bulebarra, eta, hala, bals pare bat dantzatuz amaitu zen 1813ko gertakariari irribarrea zintzilikatu zien ekitaldi nagusia.

Jai giro epelak, hala ere, bazkalordura bitartean iraun zuen: berriro ere taldetan banatu eta ekitaldian parte hartu zuten 30 konpartsetako kideek Alde Zaharrean erre zituzten festako azken kartutxoak. Ekitaldiari azken amaiera Abuztuaren 31 kale esanguratsuan eman zitzaion, azken dantzarekin.

IKUSKIZUNA

1813. urtean Donostia erre zutela gogora ekartzen duenikus-entzunezko ikuskizuna estreinatu zuten atzo Alderdi Ederren. Gaur, bihar eta etzi ere izango da ikusteko aukera, 22.30ean, 23.00etan eta 23.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo