GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ikusi makusi!

Ikusi makusi, zer ikusi? Auskalo! Are gehiago Bidegiko kartoizko kutxan! Praileaizko kobazuloan bestekoa omen da kutxa horretan desestaltzeko dagoena. Higgsen bosoiak masaren jatorriari bezala, Bidegiko kutxakoak batzuen unibertsoko zulo beltzei eman diezaieke argia. Gauza jakina zen euskaldunok mahaiaren bueltan jesartzeko dugun ohitura. Baten batzuek, ez-jakinean, hitza hartu eta emateko egiten dugula pentsatuko zuten. Jai dute! Batzuen kasuan sikiera, kartara bapo-bapo bazkaltzeko da. Mahaipean egindako tratuak ospatzeko otordu preferenteak! Errepideak izan edo errauste plantak izan, mahaiaren bueltan aurkitu dute saihesbidea eta habanoen kebidea. Hori bai, kanpoan bosgarren edukiontzia bistara dutela! Bosgarren hori birziklatzearen helburuak betetzeko abiadura handiko tresna balitz bezala! Kaguen! Botaka husten ari zait barrena.

Hara, kutxatik kutxara! Ez nau harritzen horiek kutxak «bank» bihurtu gura izana. Nonbait mahaiak bankuak behar ditu orain, lehengo mahaien bueltan izaten ziren jesarlekuak orain epaitegiko lehengo ilaran baitaude, mahai batzuetatik kanpo utziak han jesar daitezen. Ama, ama! Zenbat «bank» txirrindularien ipurdian agergai! Tourraren giroa bueltan. Ni behintzat hasita nago urduritzen, nire porrako gehienek ez baitute lehenengo astea betetzen, erortzen ez badira jausi egiten direlako. Pikutara! Vatikanobank ere ikusteko parada izan daiteke datozen urteotan, erlijio klaseen derrigortasunaren bozgorailu. Amen Jesus. Baina bitartean ez dakit nongo prelatua atxilo hartu dute, ustez Vatikanoko azkeneko goi bilkuran zerurantz igorritako ke-mutur hartako dioxina edukiak Kyotoko protokoloaren mugak gainditu zituelakoan. Gertuko artzapezpikuak kezkatzen hasita omen daude. Eta artzak pozten. Arrazoiz denak.

Ez, ez da erraza. Ontziolek itzuli behar izango dituzte zerga laguntzak. Laguntzak deitu izana ere! Greziarakoak gogoan! Putakeriatik gehiago dute laguntzatik baino. Tira, harira! Eskerrak kartzelatuek garaiz biratu zutela transatlantikoa, eta laguntza ofizialik gabe. Ganorazko porturantz bideratu zuten, icebergak beste batzuen uretan utzita. Hortaz, «Basque Country» markaren traineru horrek jesarleku gehiago ditu arraunak baino. Bizirik gabeko abiadura handiko tresna bihur daiteke hori, museoko pieza. Ikusi makusi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo