GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Bi Irizar Korsikan kateaturik

 

Mendeurreneko Tourraren hasiera ez da ez onegia izan Korsika aldean ziren bi Irizarrentzat. Ormaiztegin sortutakoa gaurko egunkari guztietako azaletan agertuko da, helmugan kateatuta, sekula ikustea espero ez genuen irudi batean. Sinestezina egiten da dena horren kontrolatuta egoten den lasterketa batean halako deskontrola ematea. Baina etxerik onenetan ere gertatzen omen dira halakoak. Oñatiko Irizarrek ez ditu horrenbeste argazki eta titular bilduko, baina berak ere izan zuen berea.

Tourra bezalako lasterketa handi bat hasi aurretik, entrenamenduetan batera aritzen garen txirrindulariok, elkarri agur esaten diogunean, «zorte ona» opatu barik, justizia egon dadila desiratzen diogu lasterketa hasi behar duen horri. Justizia, aurreko hilabete eta urteetan, entrenatzen egindako lan horrek guztiak bere fruitua eman dezan, erorketa batek horrenbeste esfortzu ezerezean utz ez dezan, lagun horrek benetan barruan daramana emateko modua izan dezan, ezustekorik gerta ez dadin...

Markel Irizarrekin egindako azken entrenamenduan, uztailean zehar bere mezu baten esperoan geratzen nintzela esan nion, etapa amaitu eta ihesaldiren bat harrapatu duela kontatzeko, edo etapan protagonista izan dela azaltzeko. Atzoko etapa amaitu eta berehala nire sakelakoak jo zuen; bi mezu jaso nituen. Korsika aldetik zetozen eta Irizarrenak ziren. «Gaurko zutabea idatzi zuk». «Erori egin naiz eta nik ezin dut». Ez zen ez espero nuen mezua, baina Markelekin hitz egin ostean lasaiago geratu naiz, chapa y pintura baino ez omen da, baina Tourra berez da gogorra eta lehenengo egunetik horrela ibili beharra...

Halaxe izaten dira Tourreko lehenengo etapak, oso urduriak, tentsio handikoak, gaur -atzo- gehitu haizea eta autobusarena. Eta ez lehen egunean bakarrik, baizik eta Tourraren lehen egunotan halakoak sarri xamar gertatzen dira, eta, gertatzen direnean, etapa amaierako azken sailkapenak begiratzea baino, medikuen txostenek izaten dute garrantzi eta interes handiagoa. Hemendik besarkada bana erori diren guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo