GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikuskaririk ez dute onartu Anoeta, Irura eta Villabonako galdeketetan

Atez atekoaren aurkako plataformek atzo abiatu zituzten herri galdeketak Villabonan, Iruran, Anoetan eta Ordizian. Pasa den astean Zizurkilen izandako irregulartasunen aurrean, ikuskariak egotea eskatu dute lau herriotan. Ordizian baino ez dute baimendu aukera hori.

p020_f03_60257.jpg

Maider EIZMENDI |

Goizeko hamarretan zabaldu ziren Anoetan, Iruran, Ordizian eta Villabonan atez atekoaren aurkako plataformek lau herriotan antolatutako herri galdeketetako hautestontziak. Lehen bi herriotan pasa den ekainaren 17az geroztik abian dago hondakinak biltzeko atez ateko sistema; Villabonan aste honetan bertan egin dute edukiontzien banaketa eta uztailaren 8an abiatuko dute atez ateko bilketa; Ordizian ere aste honetan abiatu dute edukiontzien banaketa.

Amasa-Villabonan Gurea Zinemaren egoitzan ari da herri galdeketa egiten eta bertara gerturatu ziren hainbat herritar ikuskaritza lanak egiteko asmoz. Udalak emandako baimena eta euren identifikazio dokumentuak eskuan, ikuskaritza lanak egiteko asmoa azaldu zioten atea ireki zien Tolosaldea Txukun plataformako Patxi Agirreri. Honek, ordea, aukera hori ukatu eta inguruetan zeuden ertzainei bertaratzeko deituta erantzun zien.

Asmo bera erakutsi zuten Irura, Anoeta eta Ordiziako atez atekoaren aldeko herritar taldeek. Ordizian baino ez zuten aukera hori onartu. Goierriko herrian galdeketak zilegitasunik ez duela uste duten arren, mahai bakoitzean ikuskariak jarri zituzten gertatzen den guztia aktan jasotzeko.

«Oposizioaren kanpaina»

Anoetako herritar taldeak salatu zuenez, ostiralean Tolosaldea Txukun plataformari eskaera egin zioten ikuskaritza egiteko, baina ez zuten inolako erantzunik jaso. «Ikuskaritza lanak egitera joandakoan baimenik badugun galdetu digute, eta, ez digutela erantzunik eman esan diegunean, hura gabe ezin ginela bertan egon adierazi digute», azaldu zuten, plataformako kideen «jarrera kontraesankorra» salatu eta «anoetarrek zer gertatzen den jakiteko eskubidea» dutela nabarmentzearekin batera.

Villabonako atez atekoaren aldeko herritar taldea ere kexu agertu zen ikuskaritza lana egitea oztopatu zietelako. Euren esanetan, «herri galdeketa ariketa demokratikoa da, eskubidea praktikara eramaten duena eta herritarren parte hartzean oinarritzen dena», eta, salatu zutenez, atez atezkoaren kontrako plataformek antolatutako galdeketan «ez dira iritzi guztiak kontuan hartzen». «Udalaren baimena dugun arren -jarraitu zuten-, ez digute baimenik eman ikuskaritza lana egiteko; sarrera debekatu digute eta, Zizurkilgoa ikusita, ziur gaude oraingoan ere irregulartasunak egongo direla eta bertatik aterako diren emaitzak manipulatuko dituztela».

Euren iritzian, ikuskaritzarik gabe ezin da jakin «pertsona batek zenbat aldiz bozkatuko duen, erroldatua dagoen edota botoa delegatuko duen». Tolosaldea Txukun plataformari eta EAJri zaborren gaiaren inguruan «gerra» bat planteatu izana leporatu zieten eta bestelako jarrera eta ereduak aldarrikatu zituzten. Hala, Amasa-Villabonako Udalaren jarrera tinko txalotu zuten, «administrazio publikoaren zeregina baita herritarren osasuna babestea», eta, beraz, herri galdeketako emaitzak kontuan har ez ditzan eskatu zioten, galdeketa «oposizioaren kanpaina baino» ez delako eurentzat.

Anoetan eta Iruran bezalaxe, Amasa-Villabonako herritar taldeak ere galdeketa guneen atarian egoteko aukera egin zuen, hautestontzietara zenbat pertsona bertaratzen diren zenbatzeko bederen.

Pasa den astean Zizurkilen egindako galdeketan, boto delegatuarekin irregulartasunak izan zirela agerian geratu zen, irregulartasunok bideoz grabatuta ere jaso zirelako. Gertatutakoa gogor salatu dute aste honetan EH Bilduko kideek eta irregulartasunotan parte hartu zuten EAJko ordezkarien dimisioa eskatu dute.

Argazkilariei oztopoak

Atez atekoaren aurkako plataformako kideek, ordea, ez dute boza emateko moduan aldaketarik egin nahi izan, besteak beste, asteburu honetan ere boto delegatua baimenduta baitago. Aldaketak, batez ere, komunikabideen jardunari begira ezarri dituzte bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten duten plataformatik. Goizeko hamarretan herri galdeketen atarira bertaratu ziren kazetariei akreditazioak eskatu eta argazkiak atera zizkieten, eta, horrez gain, egoitzara sartu ziren argazkilari batzuei mugak jarri zizkieten beren lana egin ahal izateko.

Anoeta, Irura eta Villabonan gaur arratsaldeko laurak arte egongo dira zabalik hautestontziak. Ordizia, berriz, arratsaldeko seiak arte luzatu dute bozkatzeko aukera. Ondoren hasiko dira herritarren bozen zenbaketak.

Zilegitasunik ez

Herri galdeketari zilegitasunik ez diote onartu atez atekoaren aldeko eragile eta herritarrek lau herrietan. Horrenbestez, parte ez hartzeko deia egin dute guztietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo