GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Larrañaga onenekin aritzeko moduan da

p048_f02_088x140.jpg

Jon LEUNDA

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra datorren urtean Gipuzkoako maila nagusian arituko da, berak irabazi baitzuen atzo Usurbilen Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela. Mikel, behetik gora indarrean datorren aizkolari gazte horietako bat da, eta atzo beste urrats bat eman zuen. Zaleek beregan itxaropen handiak dituzte jarrita. Bera zen, gainera, atzoko finalean aritu zen gazteena.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Bertan, aurrez jokatutako bi kanporaketako sei aizkolaririk onenak neurtu ziren.

Izen asko ziren atzoko finalean, eta bat baino gehiago, gainera, txapela lortzeko aukerekin. Askoren ustez Txapartegi eta Irazu ziren aukerarik gehien zituztenak, baina ez batak ez besteak ez zuten helburua lortu, eta tartean sartu zen gazteena, Mikel Larrañaga, garaipen handi bezain garrantzitsua lortuz.

Atzoko finala ederra izan zen, aitzakiarik gabekoa. Lehenengo laurak minutu bat pasatxoan sartu ziren, eta horrek erakusten du nolakoa izan zen norgehiagoka. Lehen enborra botatzen azkarrena Ugaitz Mugertza izan zen, baina gero Larrañagak hartu zuen aurre, eta apurka-apurka aldea ateratzen joan zen. Amaiera aldera ikusten zen bera eta Irazuren artean egongo zela txapela, baina azkenean azpeitiarrak eraman zuen garaipena, zizurkildarrari 44 segundoko aldea kenduz.

Ugaitz Mugertzak ere lan bikaina egin zuen, eta amaieran ez zuen bigarren postua oso aparte izan. Azkenean, baina, minutu bat eta segundo batera amaitu zuen. Txapartegik iaz galdu zuen Lehen Maila eta bere kanporaketako onena izan zen. Atzo ere faborito nagusietako bat zela uste zen, baina lehen postutik minutu bat eta bederatzi segundora amaitu zuen finala.

Bosgarren postuan Xabier Zaldua sailkatu zen. Hasiera ona eman zion Zumarragakoak, baina gero bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Aukerarik gutxien Telletxeak zituen, edo hori zen adituen ustea, eta horrelaxe izan zen, azkeneko postuan amaitu baitzuen. Bere erronka finalean izatea zen, eta hori, behintzat, lortu ahal izan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo