GARA > Idatzia > Kultura

Biarrizko Maitaldia dantza jaialdia irailaren 6tik 15era burutuko da

Alemaniako Nurenberg hiriko ballet entzutetsua eta Belgikako Opinion Public konpainia ikusi ahal izango dira, besteak beste, hamar egunez 30 talde bilduko dituen Maitaldia dantza jaialdian. Irailaren 6an hasiko bada ere, antolatzaileek abiatu dute jada txartel salmenta.

p055_f01_149x101.jpg

A.B. | BIARRITZ

Maitaldia dantza jaialdiaren 23. edizioaren egitarauaren berri eman dute berriki Biarritz Kultura elkarteko ordezkariek eta Thierry Malandain koreografo eta jaialdiko zuzendari artistikoak. Irailaren 6an hasiko da festibala, eta, hamar egunez, hots irailaren 15era arte, nazioarteko dantza konpainia prestigiotsuen lanak ikusgai izanen dira.

Thierry Malandainek, egitaraua aipatzerakoan, dantza estiloetan aurtengoan ere «aniztasun handia» izanen dela nabarmendu nahi izan zuen. Jaialdiak iraunen dituen hamar egunetan zehar, 30 dantza konpainia bilduko dira Biarritzen, orotara 46 ikusgarri eskainiz.

Eloixa Ospital Biarritz Kultura elkarteko ordezkariak aurkezpenean nabarmendu zuenez, ikuskizun gehienak karrikan egingo dira. «Antzoki batean sartzeko zailtasuna duen publikoarengana heltzeko asmoz, kale ikusgarri eta saio publiko gehiago izanen dira aurten», azpimarratu zuen.

Aniztasuna nagusi

Dantza klasiko zein garaikidea deskubritzeko parada emanen du, berriz ere, aurtengo Maitaldiak. Biarritzen irailean geldialdia eginen duten konpainien artean, Alemaniako Nurenberg hiriko balleta eta Belgikako Opinion Public konpainia nabarmendu zituen Thierry Malandain jaialdiko zuzendari artistikoak. Nurenberg hiriko balleta Alemaniatik oso gutxitan irteten dela gogoratu zuen Malandainek. Maitaldian, Goyo Montero koreografoaren «Benditos malditos» ikusgarria eskainiko du, irailaren 13an.

Opinion Public konpainiak, bere aldetik, Maurice Bejart konpainia mitikoan aritutako dantzariak biltzen ditu, eta, «Bob'art» obra emanen du Biarritzen. Aurtengo edizioan, azken urteotako bideari jarraituz, Euskal Herriko konpainiek ere leku berezia izanen dute. Donostiako Dantzaz konpainiak, esate baterako, hiru ikusgarri aurkeztuko ditu, eta Mizel Theret koreografoak, bere aldetik, «Hiru zitroin ur hotzean» lana eskainiko du. Biarritzera hurbilduko diren beste berezitasunen artean Olivier Dubois konpainiaren «Tragedie» lana aipatu zuten antolatzaileek.

Karrika eta hiriko gune ezberdinetan agertuko diren ikusgarriekin batera, Biarrizko areto nagusietan ere dantza izanen da nagusi. Antolatzaileek emandako datuen arabera, iazko edizioan 10.800 ikusle bildu ziren karriketan eta beste 10.200 Gare du Midi, Colisee eta Kasino aretoetan. Maitaldia festibala irailean burutuko bada ere, aretoetan egingo diren emanaldiak ikusteko txartelak salgai dira jada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo