GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

kronika | Euskal herria zuzenean

Gerezietak txanda hartu dio Garroari, gau eta egun EHZn festa beti da «on»

Pozik da jendea Lekornen. Gauak musika guneenak badira, egunez Garroa jauregipeak bereganatu du arreta; inguruan dira haurren txokoa eta hausnarketa gunea, eta jende mordoxka bildu da bertara. Bestondorik ez da hemen.

p008_f02_251x133.jpg

p008_f03_102x189.jpg

Musika eta festa bai, hausnarketa ere bai!

Goizaldeko laurak inguru izango ziren Polygorn-ek EHZ itzali zuenerako, eta eguerdia baino lehen berriro martxa hartua zuen atzo festibalak. Goizean goizetik tinbalak entzuten dira aparkalekuetan, festak ez du etenik. Kanpalekuari kostako zaio itzartzea, baina egun-pasa etorri direnak, eskumuturreko horia aldean, hara eta hona dabiltza ¯herenegun berdea zen, eta festibal osorakoa gorria¯.

Eguerdirako fanfarreak jo eta fuego dabiltza. Batzuek, Skandalue Txarangak esaterako, euskal punkaren klasikoak ematen dituzte, 80ko hamarkada gogoan. Beste batzuek, aldiz, erritmo latino beroagoak dakartzate, Wombo Orchestrak adibidez.

Ilundu bitartean, giroa Garroa jauregipeko belardian metatzen da, Lekorneko auzoen izenak jaso dituzten guneetan: Gerezieta, Xerrenda eta Garrobi.

Gerezietan, fanfarreek ez ezik, antzerkiak ere badu bere tartea. Herenegun Traboules konpainia izan genuen protagonista, jantzi barroko zuri-zuriz jantzita, «Haiek, la parade des autres» ikusgarri harrigarria antzezten, eta, atzo, Tetes de Mules ez ezik, Tolosako Pret a Porter konpainia ere bertan izan zen bere zirku ikuskizunarekin -gaur beste txanda bat dute-.

Goitik behera zuriz jantzita agertu dira zelaien erdian Angeluko Capoeira Libertade taldeko kideak, Ertza dantza taldekoei txanda hartuz. Borobil handi bat egin eta belartzan jesarri da jendea capoeira ikusteko, eta bat baino gehiago animatu da dantzan egitera ere.

Musika, dantza eta antzerki emanaldien erdian, Ötrema etxekoak kamisetak serigrafiatzen ari dira, EHZko irudiekin -Landetatik datoz eta iaz Heletan ere izan ziren-. Kolore eta tamaina ezberdinetako kamisetak ekarri dituzte, eta, hala, nahiago duenak, badu berea margotzeko aukera ere. Guztia borondatearen truk.

Gerezietarekin bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi muinoa hartzen duen Atizane atseden gunea. Chill out giroa atondu du hemen EHZk, festa gunetik ihes egin nahi duenarentzako. Gunea argiztatutako plastikozko meta baten inguruan biltzen da. Atzo bozgorailuetatik Beck-en «Que onda Guero» entzun bitartean Irulegiko arno kopatxo bat edateko tartea izan genuen hemen, bertso saioa baino lehen.

Bertsotan Patxi Iriart, Unai Iturriaga eta Jon Maia. Azken hori izana da EHZn lehen ere, besteak beste Karidadeko Benta taldearekin kantari. Zumaiarrari «Euskal Herrian den festibalik interesgarriena» iruditzen zaio EHZ, «formulaz BBK Live eta antzekoen kontrakoa». Gainera, «naturarekiko ikuspegi integrala du ¯jarraitu du¯, airea ematen du hemendik ibiltzeak». Lekorneko kokaguneari buruz, «tokia ederra da, Gaztelu zahar horrekin. Aurrekoak ere politak ziren eta hau ere bada. Beti izan du berezitasun hori festibalak».

Hausnarketa gunea

Gerezietatik Garrobirako bide laburrean, Xerrendan ere egin dugu sartu-irtena. Auzolana da aurten solasgai, eta «Finantza auzolanean» aztertzen harrapatu ditugu. Moneta propioa sortzeaz ari da dozena bat lagun, kaiera eta guzti. Entzuleria hirukoiztu egin da ondoren. «Sozialismoa eraikitzea zaila da, baina ez ezinezkoa» izan da Susana Gonzalezi entzun diogun lehen esaldia, gazteleraz. Venezuelako eredua du mintzagai.

«Jaiak bai, hausnarketa ere bai!», Xerrendak erakusten du EHZ ez dela bakarrik musika eta parranda, eta guztiontzako lekua dagoela hemen.

Beste adibide bat Garrobi deitu duten haurren txokoan aurkitu dugu. Bertara arteko bidea Baigura ikastolako umeek apaindu dute, mural koloreanitzen bidez. Gunea ikastola ezagutzera emateko ere profitatu dute gainera; Lekorne, Heleta, Makea eta Lekuine inguruko 23 familia eta 40 haur ari dira bertan. Ez dute guztiek festibalean parte hartuko, baina 20 ume inguru badira hemen. «Gune lasaia» dio afixa batek, eta hala da bai. Batzuk egurrezko jolasekin dabiltza, beste batzuk aurpegia margotzen ari dira. Gainontzekoak, Maitena baionarra irakasle dutela, herensuge erraldoi bat egiten ari dira matxe paperaz. «Parisko artista batzuei ikasi nien tailer batean, eta Lekornen bi egunetan birziklatutako gaiekin eskultura bat egitea da asmoa», azaldu digu, inguruan haurrak papera moztu eta kolarekin itsatsiz dabiltzala; «laguntzaile bikainak ditugu hemen!». Herensugeak itxura ederra du, ikusgarria da oso. «Bihar igandez pintatu egingo dugu, eta gero, haurrak lagun, kalejira bat egingo dugu batukadaren laguntzarekin». Festibalariak izutzea omen dute xedea, kasu beraz!

Antolakuntzak ez du oraindik jende kopuru zehatzik eman nahi izan, baina festibalari asko dabilela esan digu. Asko eta asko jada beheko zelaietan daude, Basoita karpa hartu duen talde bizkaitarrari so. Euririk bota ez arren, basatza sortu zen herenegun karpapean, eta, hortaz, lasto mordoa bota zuten atzo. Zirimiria ari zuen iluntzerako.

Jai bukaera

Haur, gazte eta nagusi, gaur ere jendetza izango da Lekornen, EHZ jaialdiak ohikoa duen zikiro jana hartuko baitu. Gero animazioak, eta, ohi denez, musika gehiago.

«Lekorne aroko» lehen festibalari agur esateko, musika hitzordu nagusiak agertoki handian izanen dira. Arratseko lauretan Kantaldia iragarri dute. Bertan izanen dira musika saio bakarrean, Petti, Amaren Alabak, Oreka TX, Aire Ahizpak, Anje Duhalde, Niko Etxart, Maddi Oihenart, Rafa Rueda, Mobydick... Ondoren, Hola a Todo El Mundo, If Renaud is a Punk eta Itziarren Semeak. Gaueko azken emanaldia Archive taldearen eskutik helduko da. Horrela, rock, elektro, eta trip hop doinuekin amaituko da 2013ko Euskal Herria Zuzenean festibala.

Lekornen ere arrakastatsua EHZ

Larunbat arratseko musika egitaraua talde gazteekin abiatu zen. Lauretan igo zen Herri Oihua taldea Basoita guneko oholtzara. Gazteak izan arren, zeresana eman dute azken urte honetan, eta oholtza gainean ederki erakusten dute hori. Etorkizuna badago. Iheskide, berriz, beteranoagoak dira. Lau disko kalean, punk rock doinuez tirokatzen dute, eta aldarrikapen mezu oldarkorrez gitarrak sutan jarri zituzten. Bestelako doinuak iritsi ziren ondoren Kocani Orestaren musikarekin. Hamabi musikari oholtza gainean, EHZ jaialdian tradizio bilakatu den Balkanetako musikaren presentzia bermatu zuten. Kronika hau ixterakoan Black Lips taldearen emanaldia abiatu berria zen. Gauean arituko ziren Jimmy Cliff, Capsula edo Mister Valarie.

Ostiralean, berriz, arratsetik hasi ziren emanaldiak. Ez da batere erraza hiru eguneko festibal bateko lehen taldeak izatea, baina Zuloak, Alice Francis eta Xutik taldeek ederki bete zuten beraien eginbeharra, aurrean ikusle gutxi izan arren.

Keny Arkana musikaria izan zen gaueko lehen talde esanguratsua. Azken urteotan sona handia hartu du jatorri argentinarreko abeslari frantziarrak, egun hip hop musikan erreferentea delarik. Duela sei urte izan zen lehendabiziko aldiz EHZ festibalean, garaian, Idauze Mendin egiten zenean. Emanaldi horrekin alderatuta, asko handitu da Arkana, bai musikalki bai banda bezala. Garai bateko formatu biluziaren ondoan, banda handiaz taularatu zen. Disko jartzaileaz gain, rock banda baten oinarriko tresnak hor zituen: gitarra, bateria, baxua, perkusioa... Komunikatzaile ona da Keny Arkana, ikusleekin konplizitatea bilatzen duen horietakoa. Bere musika garatu egin da, azken diskoan erakutsi bezala, baino aldarriak tinko jarraitzen du. Gaueko unerik txalotuena, «Euskal presoak Euskal Herrira» banderola atera zuenean heldu zen. Gertukoak dituen aferen inguruan abestu ohi du, baina ez ditu ahanzten bisitatzen dituen herrietako aldarrikapenak ere.

Karpa txikian, Willis Drummond taldearen txanda izan zen gero. Azken urteotan zeresan asko eman duen lauko lapurtarra da honakoa, eta ostiral gauez, etxean bezala aritu ziren. Aurtengo kantua bera ere beraiena da; hain zuzen ere, Fermin Muguruzaren laguntza izan dute «Herri Sorta» kantuan. Emanaldi sutsua egin zuten, ohikoa duten moduan, energia biziz, apenas tarterik utziz kantuen artean. Momentu gorena, EHZ jaialdiko kantua guztiok elkarrekin abestean sortu zen, ikusleen laguntza paregabeaz.

Ostiral gaueko izen garrantzitsuenetako bat Fermin Muguruzarena zen. Aspaldikoa da Fermin eta EHZ festibalaren arteko harremana, eta bereziki sumatu zen oholtza gainean eskaini zuen emanaldian. Kontrakantxa banda ondoan, azken bira honetan ohiko duen moduan kolaboratzaile eta lagunez inguratu zen. Lasai hasi zuen emanaldia, goxoki, «Ezin ihesi Berlin» edota «Mongolian Barbecue» bezalako kantuekin reggae erritmoei tartea eginez. Laster iritsi zen lehen kolaborazioa, eta, honekin batera, gaueko momentu gorenetako bat. No More Tour bira prestatzean, betiko bandaren sustraia mantendu du Ferminek. Alta, honakoan, ez dira emakumeen azpiko hotsak. Beraz, Sorkun berriz ere oholtza gainean mikroa eskuan ikustea plazera da. «Euskal Herria Jamaika Clash», «Newroz» edota «Azoka Eguna» izan ziren kantariak abesturiko abestietako batzuk. Emanaldiak aurrera egin ahala, Ferminen musika ibilbideko kantu esanguratsuenak entzuteko aukera izan zen: Kortatu taldearen garaikoak, Negu Gorriak taldekoak, Ferminek Dut taldearekin ateratako diskokoak, eta, batez ere, irundarrak bakarka kaleratutako lanetakoak. Duela sei urte burutu zuen biraren kantu zerrenda mantendu duen arren, badira nobedadeak ere. Bide horretan, Negu Gorriak taldearen «Kolore Biziak» eta «Radio Rahim» berreskuratu zituen, entzuleak dantzan jarriz. Gonbidatu gehiago ere izan ziren agertokian. Zuloak hirukoarekin, «Zuloak Riot» kantuaren moldaketa jo zuen, eta Bad Sound System taldeko Mororen laguntza izan zuen beste kantu pare batean. Emanaldia amaitzeko, «Etxerat» kantua, eta, nola ez, «Sarri, Sarri» mitikoa. Kantu horrekin agurtu zuen emanaldia.

Anestesia taldearen emanaldiak ere, zaletu ugari ekarri zituen Lekornera. Azken urteetan lozorroan da banda zarauztarra, baina emanaldi honetarako espresuki batu eta gero, kale egin ezineko hitzordua zen. Taldeak 25 urte bete berri ditu oholtza gainean, eta hori, noski, ospatzeko modukoa da. 25 urte komunikatzen, «Ultra-komunikatzen». Eta egurra banatzen. Emanaldia intro batekin hasi zuten, gerora taldearen kantu ezagunekin aurrera egiteko. Halako festibaletan ohikoa ez bada ere, jendearen etengabeko «beste bat» oihuek taldeak berriz ere agertoki gainera igotzeko erabakia hartzea eragin zuten. Azken kantuak, «Agur», «Begi bat» eta «Gu» izan ziren.

Gaua giro elektronikoekin amaitu zen. Garroa gunean Etienne Crecy DJak ederki erakutsi zuen musika ona pintxatzeko ez dela argi joko ikusgarririk edota bideo irudirik behar. Mahaiaren atzealdean bakarka, ikusleri osoa dantzan jartzea lortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo