GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Boulderra | Lehia

Iruñeko karriketan egin dute Nafarroako Kopako azken proba

Bigarren ekitaldiak hiru hitzordu izan ditu, eta, oro har, oso arrakastatsua izan da. Iruñeko azken probak honako garaileak izan ditu: Suyapa Perez, Jorge Rodriguez, Iraitz Murugarren, Roberto Fernandez, Zuriñe Amatrian eta Alex Samaniego.

p040_f01_148x108.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Askotan aipatu dugu Boulder Ligaren formatuak arrakasta handia duela. Horren adibide da Euskal Mendizale Federazioak antolatutakoa. Bada, Nafarroako Boulder Kopak ere bide bera hartu du. Bigarren ekitaldiak hiru proba izan ditu, eta guztietan ala guztietan parte hartzaile ugari izan dira, bai gazte maila ezberdinetan bai seniorren artean ere.

Azken proba pasa den ekainaren 8an jokatu zen. Hitzordu berezia izan zen; izan ere, lehia Iruñeko kaleetara eraman zuten. Hain zuzen ere, autobus geltoki zaharrera. Koparen azken lehia izateaz gain, Iruñeko Irekiaren lehen edizioa ere jokatu zen.

Giro ederra

Zalantzarik gabe, azken proba ikusgarria izan zen oso. Batetik, gaztetxoenek erakutsitako ilusioagatik. Bigarrenik, parte hartzaile asko hurbildu zirelako. Hirugarrenik, seniorretan Euskal Herriko txoko askotako eskalatzaileak bertaratu zirelako. Eta azkenik, prestatu zituzten egiturak maila handikoak izan zirelako.

Gazteenak goizez lehiatu ziren. Aurretik bi ordu izan zituzten prestatutako hamabost blokeen korapiloak askatzeko. 16 urtez azpikoetan, Suyapa Perez eta Jorge Rodriguezek irabazi zuten. Eta 18 urtez azpikoetan, Iraitz Murugarrenek eta Roberto Fernandezek.

Arratsaldeko saioak seniorrentzat izan ziren. Nafarroako Koparen zein Iruñeko Irekiaren lehiak elkarrekin egin ziren. Gaztetxoek bezala, hamabost bloke eta bi ordu izan zituzten aurretik. Finalerako txartelak eskuratu zituztenen artetik, Zuriñe Amatriain eta Alex Samaniego izan ziren indartsuenak.

Iruñeko Irekiaren lehen edizioari dagokionez, emakumezkoen artean lehia estuak izan ziren. Kinga Brumbauer bloke bat egiteko gai izan zen, eta, ondorioz, lehen postua lortu zuen. Mutiletan, berriz, Iban Larrionek eta Antton Zabalak oso parekatuta jardun zuten. Azken blokea erabakigarria izan zen, eta garaipena Larrionek erdietsi zuen.

Antolatzaileak pozik ziren lehiek izandako arrakastarekin, eta, batez ere, Iruñeko kaleetara proba bat eramatea oso positiboa izan dela azpimarratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo