eskalada | Sormen lana
Peña Montañesan zirrikitu berria aurkitu du «Ugatza» bideak
Andoni ARABAOLAZA
Eneko Cesar eta Mikel Zabalza eskalatzaile nafarrek sormen lan berri bat aurkeztu digute. Peña Montañesa mendiko paretak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte, eta, hain justu, hormatzar horietan «Ugatza» sortu dute: 300 m, 7c.
Izaera alpinoa eta zailtasunean luze gogor bat, horixe da marra berriaren nortasun agiria. Zabalzak adierazi duenez, «Diedro Oncins» eta «Lobo Lopez» marren artean dago «Ugatza». «Sortu dugun proposamena oso agerikoa da, eta harritu egin gintuen zabaldu gabe egoteak. Enekok oso bista ona dauka, eta hainbat argazki aztertu eta gero lanean jarri ginen», dio Zabalzak.
Bidearen lehen zatia espero zutena baino zailagoa atera zaie. Bigarrena, berriz, errazagoa da, baina luze gogorrena du: «Ur tantez osatutako plaka bat da, helduleku justuak ditu eta era askean eskalatzeko arras ona. Bazirudien librean ez zela aterako, baina Enekok bide egokiena aurkitu zuen».
Nafarrek aurreratu dutenez, «Ugatza» klasiko bihur daiteke. Bilera guztiak ekipatuta daude: «Parabolt gutxi batzuk daude, baina luzeak ez dira batere arriskutsuak».
Eneko Cesar eta Mikel Zabalzak Peña Montañesan bide berria zabaldu dute: «Ugatza» (300 m, 7c). Izaera alpinoko marra sortu dute.