GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega | Nazioarteko era

Gabirondok eta Imazek irabazi dute Euskal Herriko Liga

Atzoko azkenengo saioan Gabirondok ez zuen egunik onena izan, baina Imazek nagusitasuna erakutsi zuen.

p036_f01_199x108.jpg

p036_f02_097x108.jpg

Jon LEUNDA

Joxe Gabirondok eta Alaitz Imazek irabazi zuten atzo Euskal Herriko Liga, eta biak izango dira datorren irailaren hasieran Hego Tirolen jokatuko den Europako Txapelketan.

Jende asko batu zen atzo Azpeitiko Ikasberri ikastolako belardietan saioa ikusteko asmoarekin. Mutilek 100 metro karratuko sail bat moztu behar izan zuten, neskek 35 metrokoa, eta, gazteek, 50 metrokoa.

Mutiletan Joxe Gabirondok bideratuta zeukan garaipena, aurreko bi jardunaldietan irabazi egin baitzuen. Atzo, aldiz, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, nahikoa izan zuen amaieran txapela jantzi ahal izateko.

Gazteluko segalaria oso urduri aritu zen, eta atzo laugarren izan zen, garaipena lortu zuen Esnaolarengandik minutu erdi batera. Irabazi, Igor Esnaolak egin zuen. Legorretakoa zen iazko txapelduna, eta atzo erakustaldia eman zuen. Hiru mailatan ebaki zuen bere saila, baina, azkar mozteaz gain, oso txukun ere ebaki zuen; 2.37 izan zen bere denbora.

Jexuxmari Goenaga izan zen bigarren sailkatu zena, eta errezildarrak sekulako borroka izan zuen Bixente Mitxelenarekin. Ehuneneko gutxi batzuek erabaki zuten auzia errezildarraren alde. Aurrez aipatu bezala, Gabirondo izan zen laugarren, eta bosgarren postua Jokin Garmendiak eskuratu zuen, lan bikaina egin ostean. Sailkapen nagusian, Joxe Gabirondo izan zen onena, eta bere atzetik, Igor Esnaolak eta Jexuxmari Goenegak osatu zuten podiuna.

Nesketan garaipena Imazen, Etxaburuaren eta Astondoaren artean zegoen. Imaz iritsi zen azken jardunaldira lehen postuan, eta ez zion inori aukerarik eman, berak irabazi baitzuen atzo ere, txapela erabakita utziz.

Etxaburua zen iazko txapelduna, baina atzo ez zuen egunik onena izan. Ez zuen batere lan ona egin, eta azkena izan zen. Astondoak, aldiz, bigarren amaitu zuen, eta horrekin bigarren postua segurtatu zuen. Atzokoan, hirugarren postuan Mazkiaranek amaitu zuen. Sailkapen nagusian, Imaz izan zen lehen postuan amaitu zuen segalaria, bigarren Astondoa, eta hirugarren, berriz, Etxaburua. Gaztetxoetan, Mitxelena II.a izan zen aurreko bi jardunaldietako onena, baina atzo ezin izan zuen parte hartu, eta, txapela lortzeko saio denetan parte hartu behar izaten denez, txapelik gabe geratu zen. Garmendiak irabazi zuen atzo, eta txapela ere beretzat izan zen.

Jendeak erantzun handia eman du beste behin ere

Segalaritza jendeak gustuko duen kirola da, eta atzo Azpeitian berriro ere hori baieztatu ahal izan zen, jende asko batu baitzen saioa ikustera. Lekua ere oso ona zen, Loiolako ibilbidean baitzegoen. Kirolariek ere ikuskizun ona eman zuten, eta denek gustura amaitu zuten.

Gazte eta beteranoen nahasketa

Euskal Liga gazte eta beteranoen nahasketa bat izan da. Mutiletan beteranoek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, lehen postuetan 30 urtetik gorakoak sailkatu baitziren. Nesketan, aldiz, kontrakoa gertatu zen, lehen bi postuetan bi gazte sailkatu baitziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo