Sailkatuak
Europan arituko diren segalarien izenak erabakita geratu dira Azpeitian
J.L.
Irailaren hasieran jokatuko da Hego Tirolen Europako Txapelketa, eta atzoko saioaren ostean bertan izango diren segalarien izenak erabakita geratu ziren. Joan nahi duten edo ez, segalariek izango dute azken hitza, baina legez sailkapena erabakita geratu zen.
Mutiletan, 30 urtez gorakoetan, Joxe Gabirondo, Igor Esnaola eta Jexuxmari Goenaga izango dira euskal selekzioa ordezkatuko duten segalariak.
Hortik beherakoetan, berriz, Mikel Garaialde, Julen Gabirondo, Garikoitz Etxeberria, Eneko Sein, Oier Urkola, Mikel Arsuaga eta Suharri Irazustabarrena. Aipatutakoei gazteen mailan aritutako segalari batzuk ere gehituko zaizkie Hego Tirolen.
Nesketan, berriz, 30 urtez gorakoetan Alatzne Etxaburua izango da Euskal Herria ordezkatuko duen segalaria. Hortik beherakoetan, berriz, Alaitz Imaz, Irati Astondoa, Ainara Otamendi eta Garazi Ezeiza izango dira.
Europako Txapelketarako oraindik denbora asko geratzen da, eta tarte horretan edozer gerta daiteke, baina hasiera batean aurrez aipaturiko segalari guztiak bertan izango dira. Proba hauetan azkar ebakitzeak bakarrik ez du balio, txukun ere ebaki behar izaten baita. Nazioartean horrela egiten da lan, eta euskal ordezkariek ez dute lan samurra izango, nahiz eta itxaropenerako ate guztiak zabalik dauden.
Mutiletan, Joxe Gabirondok maisua dela erakutsi du behin eta berriz. Atzo ez zuen egunik onena izan, baina garbi dago proba hauetan beregan konfiantza osoa izan behar dela, baita Igor Esnaolarengan ere. Legorretakoak erakustaldia eman zuen atzo, eta berak ere aukerak izango ditu Europan, Jexuxmari Goenagak izango dituen bezalaxe. Nesketan ere beraien aukerak izango dituzte. Alaitz Imazek lan bikaina egin du, baita Irati Astondoak ere. Alatzne Etxaburuak ez zuen atzo bere egunik onena izan, baina maila handiko segalaria da.