Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
«Fun in the table = results!!»
Harrapazak! Ederra liau digu gure Bakik!! Inork ezer gutxi espero ez zuenean etapa eta maillot horia eskuratu dugu!! Atzoko -larunbateko- etapan taldeko hiru txirrindulari erori ginen, eta hotelera nahiko «rallauta» iritsi nintzen, zutabea idazteko batere gogo gabe; hala, Ametsi deitu behar izan nion nire ordez zutabea idatz zezan.
Gaur -atzo-, beldur nintzen bezperako erorikoa eta gero egun txarra pasa beharrarekin, baina bai ni bai talde osoa oso ondo sentitu gara, eta, azkenean, izugarrizko arrakasta eskuratu dugu. Bigarren mailako mendatean aurreneko multzoan talde oso-osoa zuen bakarrak ginen, eta, hala, azken igoerara ondo antolatuta sartu eta gero, espero ez genuen saria etorri zaigu.
Batzuek galdetuko duzue zer aldatu den iaztik ona. Zergatik iaz gauzak ez ziren irten eta zergatik aurten bai. Ez da erraza asmatzea, baina hemen gauzak ongi irtengo ziren errezeloa geneukan. Eta zergatik hori? Mahaian izugarrizko barreak egiten ditugulako eta giro bikaina dugulako. Korsikan gaudenetik ez dugu apenas lasterketari buruz hitz egin; guztiz erlaxaturik, presioa sartu gabe, gozatu eta lasai antzean ibili gara. Afaldu eta gero tertulia luzeak izan ditugu talde giro ikaragarrian, eta gure teoriak argi dio: elkartuta eta pozik dabilen taldearen isla errepidean ikusten da.
Gaur -atzo- Bakiri tokatu zaio, baina bere hankei eta kemenari meriturik kendu gabe, taldearen rollo onaren garaipena ere badela pentsatzen dut nik. Horretxegatik, gozatzeko garaia da!! Bihar -gaur- maillot horia defendatzera irtengo gara, baina, aurretik, Kim gure sukaldariak irabazten dugunean egiten digun txokolatezko tarta dastatu eta barre batzuk egiteko momentua da.
Horretxegatik, BIZIPOZez gainezka dagoen taldeko berbati honek, etzira arte uzten zaituzte!
Gozatzera goaz!!