GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Lehengo udak hobeak ziren

Jon GARMENDIA | Idazlea

Beste kolore bat zuten lehengo udek. Karrikan, eskutik heldutako maitasun adierazpenak ikusten ziren nonahi. Etxeko terrazak lagunez betetzen ziren, mahai inguruan eseri, eta, afari-merienda goxo baten ostean, hitz-aspertu interesgarriei heltzeko. Lurrak ere beste usain bat zeukan, goiztiriko ihintzak bustia apika, arratsaldeko euri jasarekin batzuetan, eta itsasoak mendi bazterreraino eramandako kresalarekin besteetan. Eguzki gehiago geneukan patrikan, eta hura baliatzeko aukera gehiago, bizipoz gehiago. Autoak garajean egoten ziren, eta autobusa hartzen genuen umorea bizi den lekuetara joateko. Bidaia agentzietako erakusleihoetan itsasten zen gure begirada. Urruneko herriak ziren desira pizgarri. Ilunik ez zen gure baitan. Gauez, oheko izarek leuntzen zuten gure gorputza kandela argitan, eta goizez larruazalari eransten zitzaizkion, maitasunari gorazarre eginaz. Itsas kai bat, kanpandorre bat, edo ortzemuga bistaratzea aski zen ahoan irribarrea marrazteko. Zoriontsu ginen uda haietan bai. Zoriontsuago ginen.

Kontua da, orduan konturatu ote ginen horretaz guztiaz, eta ez orain. Kontuago da etorkizunean hitz hauek berak erranen ez ote ditugun aurtengo udari buruz. Profitatu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo