GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Alvarez | Inputatua

Inboluzioaren epaiketak

Krisialdiaz baliatuko dira Estatuko botereak, maila politikoan, ekonomikoan zein territorialean izango den inboluzioaren aurrean indar politiko eta ekonomiko espainol nagusiak bat eginik aritzeko, hori baita, beraien ustez, Estatu espainola salbatzeko bide bakarra

Estatu espainola, proiektu politiko gisa, porrot historikoa izan da hasiera-hasieratik, Iraultza Frantsesak zabalduriko estatu modernoen sorrera- rako oinarrizko baldintzak ez baitira sekula bertan eman: benetako iraultza industriala eta estatu ikuspegia zuen burgesia nazional espainol indartsu baten sorrera, besteak beste... Gauzak horrela, Estatu espainola etenga- beko krisialdian murgilduta egon den proiektu politikoa izan da eta denboran aurrera egin badu, askotan diktadura militarren menpe egon delako izan da. Egoera hori dela medio, katalanek, galiziarrek eta euskaldunok ez dugu proiektu politiko horren partaide borondatez izateko gogorik sekula izan, eta egun Estatu espainoleko (eta frantseseko) partaide bagara, indarrez inposatu zaigulako da, eta, batez ere, bertatik atera eta libre izateko bideak indarrez eta legez ukatu zaizkigulako. Herri honen eskubide zibil eta politikoen ukapenean datza bizi dugun gatazka politikoaren oinarria, baita datorren urritik aurrera Auzitegi Nazionalean izango diren euskal herritar eta erakundeen aurkako epaiketa guztien funtsa ere.

Baina hasieran aipatu dugun Estatu espainolaren etengabeko krisialdi hori areagotu egin da sistema kapitalistak mundu mailan eragin duen azken krisi sistemikoak, bereziki ekonomikoak, bultzatuta. Egungo egoera hori hain da txarra, non Kataluniako herriak independentziaren bideari eutsi baitio, CiU bera bide horretara eramanez, larunbatean Barçaren estadioko indar erakusketa lekuko. Gertakari horrek alarma gorriak piztu ditu Estatu espainolean, euskal gatazka historikoari Kataluniakoa gehitzen zaiolako, Estatuaren berezko krisialdi ekonomiko erraldoiaz eta ustelkeria neurrigabeaz gain... Estatu espainolarentzat okerrena da Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Komisio Europarrak, hau da, troikak, krisialdia gainditzen lagundu beharrean gero eta neurri bortitzagoak inposatzen dizkiola, Estatu espainoleko langileen, herri sektoreen eta estaturik gabeko nazioen kalterako. Horregatik guztiagatik, Estatu espainola amildegiaren aurrean dago eta bertako botereek, gero eta egoera larriago horren aurrean, inboluziora jotzea erabaki dute.

Duela gutxi Zarzuelan elkartu ziren trantsizio espainolak izan dituen arduradun politiko nagusiak; hau da, Juan Carlos erregea, Felipe Gonzalez, Jose Luis Zapatero, Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy... Esan beharrik ez dago, ez zirela elefanteen ehizari buruz hausnartzeko bildu, Estatuak bizi duen krisialdia dela medio Estatu botereek ezarritako inboluzio prozesuaren aurrean batera nola jokatu erabakitzeko baizik. Izan ere, datorren udazkenetik aurrera, makroepaiketak abiatuko diren garai berean neurri politiko eta ekonomiko gogorrak martxan jartzen hasiko baitira; hala nola, pentsioen erreforma, tokiko administrazioaren erreforma, LOMCEren egitasmoa, «Parot doktrina» eta kartzela politikaren areagotzea, Konstituzio Auzitegiaren erabaki berzentralizatzaile berriak, krisi ekonomikoak eragingo duen borroka sozialetan atxilotuen aurkako zigorrak... Inboluzio horrek guztiak kalean sortuko duen erantzunaren aurrean, Estatuko bi indar politiko nagusiak elkarrekin arituko direla ziurtatu dute Zarzuelako bileran. Horrekin batera, Kataluniako zein Euskal Herriko gatazka politikoen aurrean ukazioan oinarrituriko proposamenean bateraturik jokatuko dutela adostu dute. Ezker abertzale galiziar, katalan eta euskaldunen proposamenei ez ezik, burgesia nazionalen ordezkariak diren Masen eta Urkulluren egitasmo «berritzaileei» ere (herri kontsultari Katalunian 2014an, Urkulluren 2015erako Plana EAEn) ateak itxiko dizkiete eta, nola ez, baita Aldaketari Nafarroan eta Gatazkaren Konponbiderako egitasmoei Euskal Herrian ere.

Laburbilduz, krisialdiaz baliatu dira Estatuko botereak, maila politikoan, ekonomikoan zein territorialean izango den inboluzioaren aurrean indar politiko eta ekonomiko espainol nagusiak bat eginik aritzeko, hori baita, beraien ustez, Estatu espainola salbatzeko bide bakarra, historikoki eman izan diren kolpe militarrentzako tokirik ez baitago hauteskundeen atarian eta krisian dagoen «Europar Batasunean». Makroepaiketa hauek, beraz, ez ditugu indartsu dagoen Estatu espainolaren ofentsiba politikoaren klabean ulertu behar, erabat ahuldurik dagoen eta porrot egin duen Estatuaren jokabide politiko defentsibo nagusi moduan baizik. Urtetan izan duten jokabide antidemokratikoa bide judizial usteletik legitimatzeko asmoz eginiko maniobra politikoa da. Baina oker-oker dabiltza, ez diegu arrazoirik emango. Gezurra badirudi ere, ez dute oraindik ikasi errepresioa eta inboluzio politikoa ez direla konponbiderako bideak.

Jokabide antzu horren erakusle dira azken garai hauetan ikusi ditugun Guardia Zibilaren atxiloketak Gipuzkoan, Miarritzeko iheslarien atxiloketak, espetxe politikaren gogortzea, mobilizazioen debekuak... eta orain epaiketak. Ez dira gertakari berriak, baina egungo egoera politikoan garrantzi berezia hartzen dute. Begi bistakoa dena zera da, Euskal Herrian zabaltzen ari den agertoki politiko berriaren atarian Euskal Herri osoko dozena- ka herritako 250 euskal herritarretik gora arrazoi politikoengatik epaitzea eta guztientzako 500 urtetik gorako zigorra eskatzea ez duela gure herrian inork ez ulertzen, ezta onartzen ere. Are gutxiago, zigor horiek inboluzio politikoaren erdian kokatzen badira eta Estatu mailako protesta soziala ezkutatzeko erabiltzen direnean. Horregatik, Aieteko Gailurraren eta ETAren borroka armatuaren amaieraren bigarren urteurrenean Madrilen hasiko diren bi makroepaiketek zabalduko dutena Euskal Herriaren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen zein egoera politiko berriaren aurkako Estatu erasotzat jo behar dugu. Egia da epaiketek izen eta izaera ezberdina dutela, baina aniztasun hori aitortuz eta aprobetxatuz, politikoki modu bateratuan jokatu behar dugu, Euskal Herria zigortutako herri gisa azalduz eta herri erantzunari lehentasuna emanez. Hori izango da operazio politiko hori baldintzatzeko eta etorkizunean gainditzeko bide bakarra.

Era berean, argi izan behar dugu horrelako epaiketa ziklo luzeak ez duela ezker abertzalearen jarduera zein iniziatiba politikoa baldintzatu behar, eta horixe gertatuko litzateke, gure lana erantzuna artikulatzera mugatuko bagenu eta gainerako lan ildoak alboratuko bagenitu. Horregatik, gure erantzun dinamika guztiak Euskal Herriari dagokion marko demokratikoaren eta gatazkaren konponbidearen aldeko jarduera politikoan txertatu behar ditugu, lan ildo honetan ere indarrak metatuz eta estatuaren aurrean ahalik eta sektore zabalenak artikulatuz, herriz herri, bai eta nazio mailan ere. Euskal Herriaren erantzuna eta konpromisoa bideratu behar ditugu maila instituzionalean, politikoan, sozialean zein pertsonalean, eta beti forma eta eduki anitzak errespetatuz, beldurrik gabe jokatuz, gure artean eta jendartean konpromiso maila ezberdinak daudela ulertuz.

Baina Estatuaren operazio hau defentsiboa bada, gureak ofentsiba politikoaren neurria izan behar du; hau da, Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko konfrontazio parametro berrietan kokatu behar dugu epaiketa ziklo honen aurreko iniziatiba politikoa. Euskal Herrian zabaltzen ari garen fase politiko berriaren ezaugarriak horixe eskatzen du. Ez gaude epaiketa batzuen aurrean, inboluzio politikoaren funtsezko operazio politikoaren atarian baizik. Hori da logika eta hausnarketa politikoak adierazten diguna eta errealitate politiko horri begiratu eta tamainako erantzuna eman behar diogu.

Urtetako lanaren ondoren, euskal lurraldea erein dugu eta loratzeko prest dago. Une honetan norbanako eta kolektibo ugarien elkartasuna ez ezik, konpromisoa lortzeko aukera ere erreala da. Eleak mugimenduak lagunduta, asko dira desobedientzia zibila, intsumisioa edota borrokarako forma berrien bidez han eta hemen indartzen ari diren ekimenak. Horren lekuko dira, besteak beste, gure lurralde luze-zabalean ezagutu ditugun mobilizazio ezberdinak, formetan anitzak, zabalak, koloretsuak, transbertsalak eta oso parte hartzaileak, behetik eta ezkerretik eraikitakoak, baina edukietan argiak: eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena eta epaiketa gehiagorik ez! Herri honetan gogo eta konpromiso nahikoa badagoela adierazten du horrek, formetan asmatzen dugun heinean. Hori da herriz herriz, sumarioz sumario, Euskal Herri osoan sakondu behar dugun askatasun demokratikoen inguruko lan ildoetako bat.

Garbi dago Euskal Herria eta euskal jendartea prest dagoela konfrontazio demokratikoen parametroetan jarrera desobedienteen inguruko konpromiso berriak hartzeko; hala nola, betiko mobilizazioetan eta diru biltze kanpainetan parte hartzeaz gain, Askeguneetan eta Herri Harresietan parte hartzeko, modu ez biolentoekin poliziari aurre egiteko, atxilotu nahi dituztenak babesteko, baita etxeetako ateak zabaltzeko ere, Aurore Martinen kasuan ikusi den moduan... Mila formatan, elkartasunetik konpromisorako urratsa egiten ikasi behar dugu guztiok, bakoitzak bere mailan, baina guztion urratsa izan behar du. Datozen bi urtetarako Estatuak zabaldu duen epaiketen fase politiko luze honetan hori ikasten badugu, porrot egingo dute. Izan ere, epaiketa hauek ez ditugu Auzitegi Nazionalean irabaziko, Euskal Herrian eta euskal jendartearen baitan baizik. Ekin diezaiogun irudimenez lanari, Estatuaren politika higatu eta aldatu arte. Gure esku dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo