Isun andana ezabatu izana leporatuta, Borotra auzapeza ikertzen ari da epaitegia
Urteetan isunak legez kanpo «barkatzeagatik» Biarritzeko Udalak milaka euroko galera izan duela azalarazi du udaltzainen txosten batek. Didier Borotra auzapezak «kasu berezi batzuetan» egin izana onartu du.
Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ
Biarritzeko Herriko Etxeak, zehazki, bere buru Didier Borotra alkate zentristak 3.619 isun ezabatu omen zituen 2009 eta 2010 artean. «Sud Ouest» egunkariak kaleratu informazioaren arabera, jokamolde horren erruz, hiriko Udalak 70.000 eurotik gora galdu zituen epe horretan.
«Funts publikoak edota autoritate publikoa duen norbaitek egindako dokumentuak eraitsi, ebatsi edo desbideratzeagatik» udal polizia sindikatu batek iazko apirilean jarritako salaketa dela medio, ikerketa bat abiatu zuen epaitegiak.
Polizia judizialak egindako ikuskaritzak erakusten duenez, batez ere, aparkalekuekin zerikusia duten isun-salaketak lirateke auzapezaren aginduz ezabatutakoak. Isun guztien %10 lirateke ezabatutakoak, Estatuko batez bestekoa baino hamar bider gehiago, hain zuzen.
Ikerketan, udal-zerbitzuetako hainbat arduradunez gain, lekuko batzuk eta jokamolde horren onurak jasotako zenbait pertsona galdekatu dituzte. Udaltzaingoaren egoitza bera ere arakatu zuen Poliziak.
Auzapezak onartu egin du
MoDemeko auzapezak bere gain hartu du hainbat isun bertan behera utzi izana, baina ez da ados ikerketan agertutako kopuruekin. «Ezinezkoa da kopuru hori jakitea», nabarmendu du. Halere, isunak ezabatzeko agindu guztiak bere eskuetatik igarotzen direla onartu du.
Bere esanetan, hiru kasutan ezabarazi izan ditu: «Udaltzain ez oso profesionalek oker jarritakoak eta sendagileei eta adinduei ezarritakoak».
Alta, egunkariak baieztatu du 2008ko barne-zirkular bat eskuratu duela, onuradun guztiak hiru esparru horietakoak ez liratekeela adierazten duena. Potentzia handiko autoen jabeak, merkatariak eta kirolari ohiak ere baleudeke tartean. Gainera, auzapezak hainbat arau-urratzerengatik (telefono mugikorra erabiltzea gidatzean, gerrikoa ez jartzea, IATa ez izatea...) isunak ez ezartzeko agindua ematen omen zuen aipatu zirkularrean.
Borotrak ez du uste «bereizkerian» edo «faboritismoan» jauzi denik. «Fiskalak ni galdekatu nahi banau, dei nazala. Arduradunik izatekotan, ni naiz arduraduna», gaineratu du.
Michel Veunac bere alderdikide eta Biarritzeko auzapezordeak adierazi du zenbait kasutan «bihozbera» izan behar dela, «esaterako, zailtasunak dituzten pertsonekin».