GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Postontzia

Jon GARMENDIA | Idazlea

Zulotxoan giltza sartzen duzu, buelta erdi eman, eta hara!, irekia da postontzia. Baina ez da hain erraza izaten, eta ez da hain erraz iragaten akzio horren denbora. Badira mikrosegundo batzuk errealitatea izozten dutenak, eta halakoetan, barnean irrika eta desira ernatzen dira, jakin-mina eta ezustekoa elkar ezkontzen direlako. Baina zuretzat gutunik ez dela iritsi ikusten duzu, gainera... nork idatziko dizu udan? Nork eskainiko dizu bere denboraren zati intimoena? Zorra kitatu behar duen hark, hark bai, hori pentsatzen duzu, joan direlako aste batzuk zuk idatzi zenionetik, eta zorra ez da nik bat zuk bat, ez da gutuna trukean izatea, zuk idatzitakoari buruz zer pentsatzen duen jakitea baizik. Eta posta-kutxa ireki aitzin beti pentsatzen duzu baietz, gutun-azala hor izanen dela bazterrean etzana, zure hatz dardartiek noiz jasoko duten zain. Postariari botatzen diozu errua orduan, posta zerbitzuari bestela, idatzi behar dizunari behintzat, nehoiz. Baina gero, garaian zuk egiten zenuena heldu zaizu burura, hamarnaka gutun hasten zenituela, eta bukatu gabe utzi eta tiraderan gorde. Ulertu zenuen arte, harengan pentsatuz idatzitako hitzak jada ez zirela zureak, bereak baizik, eta haiek jasotzeko eskubidea zeukala. Idatzi. Eta bidali.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo