GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Informazioa ezkutatu gabe, baina seriotasunez

Hainbeste alarma sozial piztu izan diren herri honetan sexu indarkeriak alarma eragin gabe jarraitzen duela ematen du. Alegia, ibilbide laburreko alarma eragiten duela, hedabideek zenbait gaitzespen ofizial jasotzen duten artean baino ez. Eta batzuetan gaitzespen asko arinkeriaren erakusgarri baino ez dira izaten. Emakumeen kontrako indarkeria arazo lazgarria da, zalantzarik gabe, eta hori ezabatzeak konpromiso handia eskatzen du, instituzioen eta gizarte osoaren konpromisoa, baina baita seriotasuna ere, arinkeriaz jokatzeak ez baitio indarkeria mota horren aurkako borrokari mesede egiten; aitzitik, ustez nahi denaren alderantzizko eragina izan dezake. Atzo Donostia Ospitalean hil zen emakume errenteriarraren gaineko informazioa, berehala sexu indarkeria seinalatu zuena, horren erakusle da. Zuzena da, jakina, horrelako kasuak gertatzen direnean dagokien protokoloa aplikatzea, baina ondorioak aurreratzeak, lagundu beharrean, kalte baino ez du egiten. Orain aspaldi ez dela Gasteizen hilik agertu ziren senar-emazteen kasuan bezala, Errenteriako emakumearen heriotzaren kausa indarkeria matxista izan balitz, autopsiak esango zukeen, baina atzo autopsiak -oraindik emaitza behin betikoa ez bada ere- besterik utzi zuen agerian, emakumea berez hil zela, hain zuzen. Eta zerbait gehiago: hain kontu larriaren inguruko zorroztasun falta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo