GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurralde Elkargoari buruz Capedeviellek egin zuzenketa ez du onartu Asanbleak

Astelehenean baztertu zuen Asanblea Nazional frantsesak Capedeviellen lurralde elkargoari buruzko lege zuzenketa. Legebiltzarrera irits dadin proposamena onartu behar izaten duen batzordeak atzera bota duen arren, diputatuak bere izenean eramango duela iragarri du.

p012_f02.jpg

GARA |

Joan den astean Colette Capdevielle diputatuak Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargoa sortzea ahalbidetuko lukeen lege zuzenketa aurkeztu ondotik, astelehenean bidea itxi zioten Parisen, Asanblea Nazionalerako bidean ez baita Lege Batzordearen galbahetik igaro.

Nolanahi ere, atzo Kazeta.info webguneak adierazi zuen diputatuak uztailaren 15ean zuzenketa bere izenean aurkezteko asmoa duela; «horrela eztabaida izanen da eta bederen erantzun bat izanen dugu», esan zuen astelehenean Capdeviellek iluntzeko ezezkoa jaso aurretik.

Capdeviellen zuzenketak Korsikako edo Martinikako lurralde elkargoak sortzeko baliatutako lege araua du oinarri. Hori bera Euskal Herriarentzat baliagarria izan zedin aurkeztu zuen zuzenketa iragan astean.

Batzar erabakitzailerik, parlamenturik, ez duten lurraldeetan ere lurralde elkargoak sortzeko aukera sortzea zuen xede, «ondare kulturalari lotutako lurralde berezitasuna dutenen eta interes ekonomiko eta sozialekin bat datozen kasuetan».

Espagnacen proposamena

Baionar diputatuaren proposamenari atea itxi aurretik, Gobernu frantsesaren jarrera berretsi zuen Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroak. «Berria» egunkariak jaso duenaren arabera, lurralde elkargorik izango zela ukatu zuen atzo bertan, berriz, eta Frederique Espagnac senatariak egindako proposamenari babesa agertu zion.

Lebranchuk kontrako jarrera izatea espero zuela adierazi du Capdeviellek ohar bidez, ez horrenbeste «jarrera politiko oker batean» oinarritutako erresistentzia bati «aurre egin behar» izatea. Halarik ere, «eztabaida publikoaren bihotzean» zuzenketaren edukia defendatzen jarraituko duela iragarri du.

Kazeta.infok gogora ekarri zuen kolektibitatearen galdeari indarra emateko ekainaren 1ean Koordinakundeak deituta Baionan egin zen manifestazio jendetsua. Manifestazioa izan eta bi egunera, Frederique Espagnac senatariak Senatuan Ipar Euskal Herrirako Antolamendu eta Kooperazio Polo bat galdegiteko zuzenketa bat aurkeztu zuela ezagutarazi zen.

Paul molac

Bretainiako Paul Molac diputatuak ere estatus bereziko kolektibitatearen antzeko galdea pausatu zuen astelehenean batzordean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo