GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

«Great athletes»

 

Oraindik ere taldekako erlojupekoaren berotutik errekuperatu ezinik ekiten diot gaurko -atzoko- zutabeari. Bi egun lidergoan egon eta gero, eta atzoko -herenegungo- etapan lanean aritu eta gero, maillot horiaren defentsan genituen «kartutxo» denak erre ditugu. Chopi masajista asturiarraren masaje mahaian etzanda nagoelarik, bizi izan ditugun egun politok dastatzen dihardut. Etapa bat, bi egun horiz eta urte mordoxka baterako babeslea ziurtatuta izanik, ezin esan pozik ez gaudenik.

Jakingo duzue Trek bizikleta ekoizle estatubatuarra izango dela gure babeslea etorkizunean, eta horrek lasaitasun eta poztasun «estra» bat eman digu. Mike Burkek sortu zuen enpresa familiarra da Trek, eta, hil zenetik, bere semeak zuzentzen du. Mendiko bizikleta asmatu zuen etxea dela, karbonozko aurreneko bizikleta egin zuela eta beste zenbait gauza ere esan genitzake Treki buruz. Baina beste etxe batzuekin alderatuta zerbaitek ezberdina egiten baldin badu Trek, bere filosofia berezia da.

Ingurumenarekin oso arduratuta izanik, lanera bizikletan joaten diren langileei eguneko dolar batzuk gehiago ordaintzen dizkie Trekek. Saltzen duen gama altuko bizikleta bakoitzeko, berriz, 300 dolar ematen ditu Afrikako umeak eskolara joan daitezen bizikletak erosteko. Gisa horretako detaile txikiek, zalantzarik gabe, berezia egiten dute enpresaren filosofia. Horretxegatik, ez da harritzekoa Trek etxearen marketina beste etxe batzuek dutenaren oso bestelakoa izatea. «Great athletes ride Trek» (Atleta izugarriek korritzen dute Trekekin) lelo hartuta, kirolari eta txirrindulariaren gainetik, pertsona bera, giza balioak eta printzipioak jartzen ditu enpresaren filosofiak. Argi dago sosak egitea duela helburu Trekek ere, baina ez du dena edozein preziotan neurtzen.

Eta atleta «great» horietako bat Andy Schleck da. Asko dira galdetu didatenak ia lehen zuen mailara iritsiko den ala ez. Egia esan, ez dakit zer esan bere mailari buruz, baina aitortu behar dut ez dituela prentsan agertu diren arazo pertsonalak. Andy, seguru aski, ez da beste edozein lider bezain detailista, eta baliteke beretzat bizikleta ez izatea bere bizitzako ardatz bakarra. Andyk, beste lider askok ez bezala, lagunei, familiari, leialtasunari eta momentua konpainia onean bizitzea bezalako gauzei berebiziko garrantzia ematen die; izar bat izatearen gainetik jartzen ditu horiek guztiak.

Baliteke sekula bere mailara ez itzultzea, ala, akaso, aho bete hortz utziko gaitu Tourrean ikaragarrizko maila emanez. Baina etortzen diren emaitzak datozela, lagun eta taldekide apartaz gain, niretzat Trek etxeak eduki dezakeen enbaxadore onenetarikoa ere bada Andy inongo ezbairik gabe, bere apaltasun eta «normaltasunak» bihurtzen baitute «great athlete» bat. Horrela, garaipenean zein maillota galtzen dugunean ere, saiatuko gara gure babeslearen leloari kasu egin eta talde osoa «great» izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo