UDATE
Hasi da kaleko antzerki eta arteen jaialdia, Bilboko Kalealdiaren XIV. edizioarekin
Jonebati ZABALA | BILBO
Uztaileko lehen astean Bilboko kaleak artez beteko dira berriro ere. Larunbatera arte, 39 proposamen eskainiko dituzte aurtengo Kalealdia kale arte eszenikoen jaialdian. Hainbat diziplina egongo dira ikusgai hiriko kaleetan zehar, besteak beste, pailazoak, dantza, txotxongiloak, antzerkia, akrobaziak eta musika. Lau euskal taldek hartuko dute parte: Hortzmuga Teatro, Turukutupa, Deabru Beltzak eta ATX Teatroa. Gainerakoak, Frantzia, Belgika eta AEBetako konpainiak dira.
Taldeen kalitate maila handia nabarmendu zuen atzo Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdiko zuzendariak. Jaialdia ireki zuen Systeme Paprika konpainiaren «Cocottes zé Bagatelle» ikuskizuna ere izan zuen hizpide: «Emanaldi berezia da, ezberdina. Gurpildun tramankulu batean emakume bat pianoa jotzen, dantzari bat eta pedalei eragiten dien pertsona bat biltzen ditu». Gaur ere ikusgai egongo da Bilboko Kale Nagusian zein alde zaharrean. Bihar, EIA ospe handiko zirku konpainiak, normalean areto zein antzokietan egiten duen ikuskizuna kalean egingo du, Arriaga plazan bertan.
Jendeak ondo pasatzeaz gain, «mezuak zabaltzea» ere bada Kalealdiaren helburua, Ormazabalen esanetan. Hortzmuga antzerki taldeak, esaterako, boterea, komunikabideak eta politikarien arteko harremanari buruzko hausnarketa egingo du, «puri-purian» dagoen gaia. Ikusgarria izango da jaialdiari amaiera emango dion lana ere: Xarxa Teatre konpainia valentziarraren «Papers!» emankizuna, hain zuzen ere. Arriagako plazan eskainiko dute larunbatean, gauerditik aurrera. Bertan, 12,5 metroko zabalera eta 5 metroko altuera dituen aldamio batetik piroteknia efektuak burutuko dituzte.
Zirku ikastaroak
Mikel Ayala euskal artistak zirkuko profesionalei zuzendutako malabarismo ikastaroa emango du gaur Harrobia zentroan (Otxarkoaga). Aurretiaz izena eman beharra dago, jaialdiaren webgunean. Larunbatean familia osoarentzat sormen tailerra antolatu dute Plaza Barrian.