GARA > Idatzia > Mundua

Talibanekin negoziatzeak ez duela ahultasunik adierazten dio Cameronek

David Cameron lehen ministro britainiarraren arabera, Afganistango talibanekin negoziatzea ez da Mendebaldeko potentzien ahultasunaren seinale. Horrela mintzatu zen egun berean bederatzi pertsona hil ziren, NATOrentzat lan egiten duen enpresa baten aurkako atentatuan.

p019_f01_148x108.jpg

GARA |

Afganistanen eta Pakistanen egin duen bidaiatik bueltan David Cameron lehen ministro britainiarra, Parlamentuan bisita horren berri ematean, talibanekin negoziatzearen alde agertu zen berriro. Cameronen esanetan, negoziazio horiek onartzeak «ez du adierazten Mendebaldeko indarrek segurtasunaren arloan emandako erantzuna ahuldu denik».

Bere iritziz, Afganistango Gobernuak zuzendu behar ditu elkarrizketa horiek. Duela bi aste talibanek bulego bat ireki zuten Qatarren, AEBekin negoziazioak hasteko eta Afganistango gatazkari irtenbidea emateko.

Cameronen esanetan, Britainia Handiak eta beste hainbat herrialdek ahalegin horiek babestu eta konponbide politikoa bilatzen lagundu behar dute. «Afganistanen aurrerapena erronka da talibanentzat», adierazi zuen Komunen Ganberan. «Afganistango Segurtasun Indar Nazionalen indartzeak eta aurrerapenak erakusten die talibanei Afganistango etorkizunean duten papera ez doala terrorismoaren bidetik, prozesu politikoarenetik baizik», azaldu zuen.

Cameronek esan zuen aurrerapenak ikusi dituela bisitan: biztanleen %80k zerbitzu medikuak etxetik hamar kilometrora ditu; 130.000 haur eskolaratuta daudela eta 50.000 hautesle berrik izena eman dute datorren urteko hauteskundeetan parte hartzeko. Gobernu britainiarraren buruak ziurtatu zuen, halaber, Afganistango indarrek segurtasun egoera kontrolpean dutela, gero eta gehiago, eta NATOren indar okupatzaileek apurka eskuduntzak euren esku uzten ari direla. 2014a amaitzerako, AEBetako eta Britainia Handiko tropek bertatik joan behar dute eta, Cameronen arabera, prozesuak erritmo egokia du.

Alta, atzo bertan Kabulen gertatutakoak ez zuen islatu segurtasun egoera hori. Talibanek gutxienez bederatzi pertsona hil zituzten, NATOrentzat lan egiten duen enpresa baten aurkako atentatuan. Hildakoetatik hiru afganiarrak ziren, britainiarra bat, errumaniarra beste bat eta lau nepaldarrak ziren.

Lehergailuz betetako kamioi bat erabili zuten enpresaren atarian erasoa egiteko. Atentatu suizida gertatu ostean, gutxienez berrogei minutu iraun zuen tiroketa gertatu zen segurtasun indarren eta erasotzaileen artean, azken horiek hil arte.

Asteotan erasoak izan dira Kabulen, Goi Epaimahaiaren, aireportuaren, Presidentetzaren eta CIAren bulego baten aurka.

pakistan

Pakistani dagokionez, Cameronek Nawaz Sharif lehen ministroak «terrorismoaren» aurka borrokatzeko hartutako konpromisoa goraipatu zuen, eta mehatxu horiei aurre egiteko «ezagupen espezializatuak» eta «ekipoak» emateko prest azaldu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo