Mikel Zubimendi | Kazetaria
Korrespondentzia (berriz) eguneratuz
Aupa lagun! Pozez eskuratu dizkiat hire letrak eta lerro artean ondo, umore arlotean, betiko txupinazoekin, kezkak bai baina dotore, mar-mar-mar marmarraren haizagailua martxan jartzeke sumatu haut. Hementxe nabilek, onak beti hobea baina ondo esan beharko. Barne erresuma aztoratu xamar eta kanpoko panoramarekin kezka puntuaz, baina baikor. Arabazozoa besterik ez duala ikusten aipatzen didak, arratoi lumatutzat dituan uso eta pareta-txori batzuekin batera. Zer diren txoriak, e? Ez diagu inoiz jakingo ea hegalak dituzten hegan egiteko ala hegan egiten duten hegalak dituztelako, ezta? Ni neu, azkenaldiotan ibaietako ubarroiekin gozatzen ari nauk. Hi, pinguinoen lehengusu perlak dituk, beren hegal motz horiekin sekulako urpekariak. Tira, gustura segituko nian ornitologiazko kontu kuttunetan, baina hire letretan adierazi beste kontu bat aipatu nahi diat.
Barre egin diat, erruz, aipatzen duan larreostia horrekin: ibili gaituan moduan ibilita eta egin dizkiagunak eginda, orain elkarri mekaugendios bat ezin esan, eta, Pirritx eta Porrotx bezala, katxiporretaka ibili beharra ere... Hire ezinegona nola ez diat ba ulertuko! Salto egin eta beti zutik erortzen dituanak, apustu ezberdinak baina denak batera... bai, bazegok bai. Urteak eta distantziak usaimen politikoa ez diate kamustu, ez horixe!
Tira, hala ere, esan nahi nikek gauza bat gauza bat dela, eta, bi, bi gauza. Presoen inguruko gaia mugitzeko eta hartu beharreko ildoaz ari haiz, ondo, zorrotz... ostia! broma gutxi. Ados nagok, aldarrikapenei uko egin gabe lehentasunen hierarkia berria, argia, pragmatikoa... Olentzerori desira zerrenda gutxiago eskatu eta bide orri zehatz eta gauzagarria eskuratu. Bai. Ahal baduk, irakur ezak Iñigo Iruin abokatuak ekainak azkena zuenean «Berria» egunkarian eman zian elkarrizketa...
Jokoaren onerako berriz jokoa desegin beharrean gaudek, beste behin ere. Lasai, dramarik gabe. Sortu eta sortu aukera, hauts horietatik zuen etxeratzea eta kultura politiko berriaren bizigaia eginez. Eta aukeran, arazoei irribarre, zorte ona erakartzen baitu. Eta badakik, my friend, erantzuna is blowing in the wind. Eutsi izate harro zoragarri horri eta aberria bizi.