Hizkuntzaren aferan ere Hegoafrikara eta Irlandara begiratzen du Kontseiluak
EHUko udako ikastaroetan hizkuntza eskubideen gaia landu dute egunotan. Bertzeak bertze, Zuzenbidean doktorea den Iñigo Urrutiak Europan hizkuntza aniztasuna nola kudeatzen den azaldu du, eta Kontseiluko Paul Bilbaok Euskal Herriko bake prozesua behatu du.
Maider IANTZI |
Independentzia eskuratu duten lurralde batzuetan -Estonia, Letonia eta Lituanian, errate baterako- hizkuntzak benetan zentralitatea izan zuela eta horren ondorioz estatu horietan berezko hizkuntzaren berreskurapen prozesua nahiko azkar doala azaldu zuen Paul Bilbaok. Ondoren, Hegoafrikako eta Irlandako bake prozesuetan hizkuntzaren kudeaketak garrantzi handia hartu zuela agertu zuen. Eta horietatik gurera etorri zen: Euskal Herrian zer?
2006ko negoziazio prozesuan Loiolako mahaian adostutako minimoak -euskara ofiziala izatea Hego Euskal Herrian-, «gutxienekoen azpitik» daude Kontseiluaren aburuz. «Gaur badakigu EAEn euskara ofiziala dela, baina hor daukagu Werten erasoa», jarri zuen adibide gisa.
Gaur egun martxan den prozesuan, «Gernikako Akordioaren oinarrizko printzipioetan ez zenez hizkuntza agertzen, berariaz eskatu genuen normalizazio prozesuan euskarak behar duen estatus juridikoa jasota geratzea». Horren ondotik etorri zen Aieteko Adierazpena, Foro Soziala... eta ikusi dute «ez dela hizkuntza jasotzen edo ez dela horren konstantziarik egon». Kontseiluak iaz «Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena» aurkeztu zuen. «Eskatzen genuen hizkuntzaren aferan ere Hegoafrika eta Irlandako prozesuei begiratzeko».
Bilbaok adierazi zuenez, jendeak ongi baloratu zuen hitzaldia. Bertan honako gogoeta ere egin zuten: «Oso argi dugu bidea, baina ez gara gai izan eragileek tesi hori bere egiteko eta haren bozgorailu izateko».
Zeharkako aitorpena
Iñigo Urrutia EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakasleak gaur egungo erronka hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia dela azaldu zuen bere mintzaldian. Nabarmendu zuenez, «Europako estandarrek estatuei hizkuntzen alde urratsak egiteko beharra adierazten diete, baina ez dituzte hizkuntza eskubideak zuzenean aitortzen, zeharka baizik». Ohartarazi zuenez, arazoa estatuek arauak betetzen ez dituztenean dator, ez baitago ziur nazioarteko zuzenbidean arauak betetzea exijitzen ahal zaien.
Iñigo Urrutia EHUko doktoreak honako eztabaida jarri zuen mahai gainean: nazioarteko zuzenbideak ez al lituzke estatu bakoitzak bertako hizkuntza aniztasunaz hartzen dituen erabakiak mugatu behar?