GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal presoak borrokan, Ekhiñe Eizagirre kideekin batzeko

GARA |

Etxeratek ohar batean jakinarazi duenez, Fresnesko euskal preso politiko guztiak borrokaldian daude, maiatzaren 11n Ekhiñe Eizagirre zarauztarra espetxeratu zutenetik bakarturik, beste kiderik gabe, dutela salatzeko. Azaldu dutenez, bere kideak ikusteko aukera bakarra patiora ateratzen direnean izaten du, baina hesi bat izaten dute tartean. Horrez gain, egun guztian (eguneko 20 ordutan) beste euskal preso politikorik gabe egoten da, eta eurekin hitz egiteko aukerarik gabe.

Ekainaren amaieran, Ekhiñeri kideekin elkartuko zutela esan bazioten ere, ez da horrela izan. Astebetean lagunekin batuko dutela jakinarazi diete, baina, egoera oraingoz aldatzen ez denez, beraiek borrokarekin abiatzea erabaki dute. Horretarako, jendarteari eskaera egin diote Laurence Le Vert epaileari gutunak eta faxak bidaltzeko, Ekhiñe euskal presoekin batzeko.

Felix Zabarte

Bestalde, Elorrioko Herrirak ekitaldia egin zuen asteartean Felix Zabarteren askatasuna exijitzeko. Adierazi zutenez, 2008tik beharko luke kalean, baina 197/2006 doktrina aplikatuta, espetxean mantentzen dute. Herenegun 28 urte bete ziren atxilotu eta torturatu zutenetik. Anton Lopezi ere doktrina bera aplikatu diote. 26 urte beteko ditu kartzelan eta 2006tik kalean beharko luke.

Hau guztia salatzeko, Felixen kuadrillakoek hartu zuten hitza. Antonek Puerto I espetxetik idatzitako gutuna irakurri zuten, eta, ostean, prentsaurrekoa egin zuten 180 pertsona ingururen aurrean. Hiru eskaera egin zituzten: bizi osorako espetxe zigorrak bukatzea eta 197/2006 doktrina etetea; larri gaixo dauden presoak etxera ekartzea; eta sakabanaketa amaitzea. Norabide horretan indarrak metatzen jarraituko dute.

Beste herri batzuetan ere bildu dira presoak babesteko: 110 lagun Bilboko Arriagan; Iruñean, 26 Sanduzelain, 58 Mendillorrin eta 47 Arrotxapean; 56 Santurtzin; 37 Atarrabian eta 25 Garesen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo