GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sanfermin bereziak, herriaren txanda den seinale

Herri mugimenduek beti izan dute presentzia garrantzitsu eta agerikoa sanferminetan. Debekuen gainetik, kriminalizazioaren gainetik, errepresioaren gainetik. Aurten, gainera, azkenik, herri mugimenduek, Gora Iruñean bat eginda, jai gunea izango dute, nafar, oro har euskal herritar eta kanpotik heldu den ororena ere izanen dena. Horrek duen garrantzia baizik ez duela erranen du bakarren batek, eta hala da, hori baizik ez, baina hori guztia ere badu, Gora Iruñeak lortu duena ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Herritarren kezkak akuilu, elkarlana tresna, adorea arnasa, orain arte ukatu zaion eskubidea onartu diote, onartu behar izan diote. Nafarroak bizi duen krisi ekonomiko, politiko eta instituzional izugarriak -Iruñeko Alkatetzak ezin hobeki islatzen duenak- nabarmen utzi dituen horiek ordezkatzen dituzten balioak eta eredua ahituta daude, eta herritarren txanda da. Horren erakusgarri dira ustelkeriaren aurkako ekimenak edo espetxeratzeko arriskupean dauden Iruñerriko gazteei erakutsitako konpromisoa. Jaiek ere hala izan behar dute, jaia guztiena baita, zapaldu guztiekiko elkartasunarena, feminismoarena, langileena, pentsiodunena eta gazteena. Herriarena.

Gaur eguerdian Iruñean eztanda eginen du erabateko jaiak. Aurten iaz baino herritarragoa eta, beraz, erabatekoagoa izanen da, eta iaz baino are motibo gehiago daude berau gozatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo