GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega | Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa

Zortzi kirolarietatik lauk lortuko dute finalerako txartela

Ormaetxea, Goenaga, Kanflanka, Pardo, Esnaola, Lizaso, Alkorta eta Garaialde lehiatuko dira bihar arratsaldean Elgeko elizaren ondoko belardietan.

p038_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Txapelketako bi kanporaketak jokatuko dira bihar Elgean, Araban, 18.00etatik aurrera. Herri hau Ozatetatik hiru kilometrora dago, eta bertako elizaren ondoan dagoen belardian jokatuko dira aipaturiko bi kanporaketak.

Zortzi segalari lehiatuko dira, hauetako zazpi gipuzkoarrak izango dira, eta zortzigarrena, nafarra. Gipuzkoako Txapelketarekin alderatuta, Gabirondo II.a faltako da, eta bere ordez Kanflanka sartuko da. Gainerakoak berdinak izango dira.

Segalari bakoitzak ordu erdi izango du lanerako, eta tarte horretan ahalik eta kilorik gehien ebakitzen saiatu behar dute. Multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalerako.

A multzoan, Jexuxmari Ormaetxea, Jon Kanflanka, Iban Pardo eta Jexuxmari Goenaga lehiatuko dira. Hementxe arituko da Ormaetxea, egungo Euskal Herriko txapelduna. Orendaingoak ez zuen Gipuzkoako finalean sartzerik lortu, eta arantza ateratzeko aukera aproposa izango du bihar Araba aldean.

Orendaingoa finalean izateko faborito nagusietako bat izango da, eta ezuste handia izango litzateke bera kanpoan geratzea. Berarekin batera, Goenaga eta Kanflanka dira faboritoak. Bai errezildarrak bai leitzarrak badakite finaletan izatea zer den, eta horretan saiatuko dira. Pardok du, ustez, aukerarik gutxien, baina zestoarra ahaleginduko da ezustea eman, eta lau onenen artean sartzen.

Gipuzkoako finala

Gipuzkoako finalaren errebantxa nahi duen segalariak ere, bihar izango du aukera paregabea; izan ere, final hartan aritu ziren lau segalariak multzo berean egokitu dira Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan, eta oraingoan bik bakarrik egin ahal izango dute aurrera.

Gipuzkoako finala Esnaolak irabazi zuen, baina oso gertu izan zuen Lizaso. Badirudi bi hauen artean egongo direla lehen bi postuak, eta biak izango direla finalean, baina ezin dute hori pentsatuz joan, bestela ezusteren bat ere izan dezakete.

Alkorta hirugarren izan zen Gipuzkoako finalean, eta hemen ere ez da lehen bietan sartzeko faborito izango, baina azkeneko urte hauetan finaletan izan da, eta bera oraingoan ere asmo berarekin plazaratuko da.

Garaialde gazteak lehen urtea du, eta berari ikusten zaio aukerarik gutxien multzo honetan. Galtzeko ez dauka ezer, eta lasaitasun horrekin joan beharko du saio honetara, egiten duen guztia ongi egina egongo baita. Hala ere, honek Gipuzkoako finalarekin zerikusirik ez du izango, finala ordubetera izan baitzen, eta kanporaketak, berriz, ordu erdira izango dira. Hor gauzak asko aldatzen dira, eta aldaketa hori denentzat da.

Gipuzkoarrak eta nafarrak bakarrik arituko dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian

Gipuzkoarrak eta nafarrak bakarrik arituko dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, zehatzagoak izanda, zazpi gipuzkoar eta nafar bat.

Segalaritza loratzen eta indartzen ari da Gipuzkoan, baina ez dirudi gainerako herrialdeetan gauza bera gertatzen ari denik. Nafarroan segalari bakarra ari da lanean. Bizkaian, berriz, ari dira batzuk, baina beraien herrialdeko txapelketa jokatu eta ez dute askoz gehiago egiten. Gainerako lau herrialdeetan, berriz, ez dago kirol honetako lehiaketarik.

Beraz, badirudi segalaritzaren etorkizuna Gipuzkoaren arabera joango dela. Herrialde horretan ongi badoa, aurrera egingo du. J.L.

errebantxa

Bihar jokatuko den kanporaketako bigarren multzoan, Gipuzkoako finalean aritu ziren lau segalariak neurtuko dira. Orduan Igor Esnaola gailendu zen, Juanjoxe Lizasoren aurretik.

30 minutu

Bihar jokatuko den kanporaketan, segalari bakoitzak 30 minutu izango ditu ahalik eta kilorik gehien ebakitzeko. Multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo