GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Goiherrik denboraldiko hirugarren txapela bideratu nahi du

J.L.

Erandioko Goiherri taldeak denboraldiko hirugarren txapela bideratuta utz dezake gaur Mungian, hantxe jokatuko baita 600 kiloko bigarren jardunaldia, 17.30ean.

Berdeak sekulako denboraldia egiten ari dira, eta orain arte jokatutako saio guztiak irabazita datoz jardunaldi honetara. Jadanik bi txapel lortu dituzte, eta hirugarrengoan ere ez dute hutsik egin nahi. Oraingoz beste guztien gainetik daudela erakutsi dute, eta Erandiokoek gaur ere garaipena erdiestea izango litzateke normalena. Hori egiten baldin badute, txapela bideratuta izango lukete.

Joan den astean Gaztedi sailkatu zen bigarren postuan, eta ikusi beharko da orain nola moldatzen den, nahiko denboraldi irregularra egiten ari baita. Joan den astean Mutrikuri aurre hartu zion, eta badirudi bi talde hauen artean egongo dela sailkapeneko bigarren postua. Gaur aurretik geratzeak garrantzi handia izango du, beraz. Gaztedik gaur Mutriku gainditzen badu, bigarren postua ia seguru izango luke.

Laugarren posturako ere borroka handia espero da. Lehen jardunaldian Goiherri B eta Gaztedi B taldeek berdindu egin zuten, eta ikusi beharko da gaur nola amaitzen duten. Aurreko bi pisuetan Erandioko bigarren taldea hobea izan da, baina oraingoz 600ekoan ez du hori erakutsi.

Parte hartuko duen seigarren taldea Getxo da. Hauek orain arte ez dute tiraldirik irabazi, eta horixe izango da beraien erronka. Sailkapeneko azkeneko postuan daude, eta hortik ihes egitea oso zaila izango dute. Helburua amaitu aurretik tiraldiren bat irabaztea izango da, eta horretarako aukera izango dute.

Gaurkoaren ondoren 600ekoa amaitzeko jardunaldi bakarra faltako da. Datorren larunbatean izango da hori, Erandion, San Kristobal auzoan. Hori amaitutakoan, aurtengo Euskal Herriko Txapelketari amaiera emateko 560 kilokoa bakarrik faltako da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo