GARA > Idatzia > Kultura

kritika | getxoko jazz jaialdia

Loditzen duen jazz gozoa

p051_f01.jpg

Anartz BILBAO

Ignacio Berroak abiatu zuen Getxo Jazz jaialdian bihotzak alaitu beharraz idatzi genuen. Eta herenegun, jazzaldiaren bigarren jardunaldian, tenperaturak gora egitearekin bat bihotza baino odola gozatu zigun Stanley Kent kantariak. AEBetako New Jersey-n jaioa (atzo jotzekoa zen Al Di Meola legez), jazz ahots arrakastatsua da Stacey Kent, musika nazioartean oso ondo hartua izan baita 1997an «Close your Eyes» lanarekin debuta egin zuenetik. Eta gurean ere izan du oihartzuna antza, Biotz Alai plaza goitik behera bete baitzuen, ohi baino publiko anitzagoarekin; emakume gehiago eta zale gazteagoak ere baziren.

Getxon, Kent-ekin batera Joshua Morrison (bateria), Jeremy Brown (kontrabaxua) eta Graham Harvey (pianoa) izan ditu ondoan, baita Jim Tomlinson (saxofoia) ere, kantariaren ekoizle eta senarra ere badena 1991z geroztik. Ezohikoa taldeak oholtzaratzeko modua dugu. Kent erdi-erdian dago, eta taldekide guztiak, plazatik begiratuta, bere ezkerraldean ditu. Agertoki erdia baino ez erabiltzeaz gain, piano-jotzailea zein bateria-jotzailea eskumara begira dira eta, beraz, elkarri begira egon beharrean lehenak lepoa ematen dio besteari. Erronboa osatuz, kontrabaxua da atze-atzean dagoena, kasik perpendikularrean saxofoi-jotzailea duela.

Ordu eta erdiko emanaldia egin du karrera batez ere Europan egin duen Stanley Kentek. Kantari fina da eta ahots gozoa du, baina ez da antzeko erregistroetatik asko mugitzen eta zuzenekoak ez du bizitasunik hartzen, lau samarra gertatzen da. Gainera, ahotsari lotuta daudenez, musikariek ere ez dute askatasunik bakarka loratzeko -saxofoia da tarteka distira egiten duen bakarra-, ondo lotuta dago boskotea. Jazz zale amorratua aspertuko da akaso, baina entzuleriari ez zaio askorik inporta, jaialditzar batean gaude eta publiko zabalago batentzako proposamenak ere eskertzen ditu-eta.

Emanaldia irailean argitaratzekoa den «The Changing Lights» lan berriko kantaren bat (aurrenekoz!) aurkezteko baliatu du kantariak, eta senarrari ez ezik -etengabea da elkarren arteko begirada jokoa-, brasildar musikari dion maitasuna agertzeko. Eta sakon maiteminduta; izan ere, kanta delikatu batekin hasi eta segidan Serge Gainsbourgen «Ces Petits Riens» eman bazuen ere, frantsesez, kontzertuaren erdialdean, «Ice Hotel» jo eta gero, portugesez berba egiteaz gain Antonio Carlos Jobimen kanta parea («Waters of March» eta «Dreamer» bihurtu dituen «Águas de março» eta «Vivo sonhando») -kantaria gitarra akustikoarekin dela- eta Vinicius de Moraes-en piezak jo ditu (ingelesez batzuk, portugesez besteak); berarentzat brasildarrak munduko libreenak direla esan duela begitandu zaigu.

Cy Colemanen «The Best is Yet to Come» ederrarekin bukatu, «onena oraindik etortzeko dago!» dioena, eta zaleek eskatuta berriro oholtzara eta Carole King-en «You´ve got a Friend» sonatua kantatu zuen, entzuleria ere kantuan eta txaloka laguntzen zela.

Gozoa da Stacey Kenten marmelada potoa; gozoegia baina, guru aburuz, oso-osorik irensteko.

Fitxa

Taldeak: Artur Tuznik Trio + Stacey Kent.

Lekua: Biotz Alai plaza. Getxo.

Data: 2013-7-4.

Larunbata: Freeway Quintet + Gonzalo Rubalcaba Trio.

Igandea: Talde lehiaketako irabazlea + Jazz at Lincoln Center Orchestra with Wynton Marsalis.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo