GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Estibalitz EZKERRA, Literatur kritikaria

Hiriko argiak

 

San Frantziskora joanez gero, ilean lore batzuk daramatzazula ziurtatzeko dio John Phillipsek idatzi eta Scott McKenziek abesturiko kantuak. Abestia kaleratu zenetik, 1967ko maiatzean, hain zuzen, urte mordoxka igaro badira ere, oraindik ere bada Philips eta McKenzieren aholkua jarraitzen duenik, Haight eta Ashbury auzo inguruan batez ere, «Summer of Love» delakoaren kokagune nagusia izan zen horretan. San Frantziskorekin gogoratzen naizen bakoitzean, baina, burura datorkidan lehen gauza ez dira loreak, ez Haight eta Ashbury, ez Alcatraz, ezta Golden gate zubia ere. San Frantzisko City Lights liburu-dendarekin lotu ohi dut beti, literatur zaleen tenplu moderno den horrekin, alegia. Hirira joaten naizen bakoitzean, urtean behin-edo, berdin du zein den plana edo zein auzotan hartu dudan ostatu, beti igarotzen dut ordu erdi behintzat City Lightseko apalen artean. Beat belaunaldiarekin zerikusia duen edozer aurki daiteke bertan (Allen Ginsbergen «Howl» poema liburu-denda honek argitaratu zuen, baita harengatik epaitegian bukatu ere), baina City Lightseko arduradunek, Beat mugimenduarekin duten harremana ukatzen ez badute ere, nahiago dute beren burua munduko literaturan, arteetan eta politika aurrerakoian espezializatua den liburu-denda bat dela esatea. Hain zuzen, Amerikako Estatu Batuetan kokatua izateko, City Lightsen atzerriko literaturari eskaintzen dion arreta ez da gutxiestekoa. Beste hizkuntzetatik ingelesera itzulitako kalitatezko literatura ia guztia dute, eta poesian ere apartak dira. Aurten 60 urte bete ditu City Lightsek, eta beste hainbeste bete ahal izatea opa diot.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo