GARA > Idatzia > Ekonomia

Estatu espainoleko hitzarmena ezarri nahi du Nafarroako Ikastolen Elkarteak

Nafarroako ikastoletako langileei Estatu espainoleko lan hitzarmena inposatuko dietela jakin ostean, NIE-ren jarrera salatu du LAB sindikatuak, negoziatzeko borondaterik izan ez duela ziurtatuta. Irailean murrizketak ezarriz gero, langileak kalean izango direla iragarri du.

GARA |

Langileei oporren bezperan jakinarazita, irailaren 1etik aurrera Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) Estatu espainoleko Irakaskuntza Pribatuko Lan Hitzarmena «inposatu» nahi duela salatu zuten atzo LAB sindikatuak, horrek lan baldintzetan ekarriko duen murrizketarekin. Iruñean egindako agerraldian, NIE-ren jokaera okerra gaitzetsi zuten eta asmo hori aurrera eramaten badu, irailetik aurrera langileak eta gurasoak parez pare izango dituela ohartarazi zuen.

Nafarroako Ikastoletan bizi den lan gatazka ez da berria. Sindikatuak azaldu zuenez, 2010ean hasi zen guztia «Madrilek zerbitzu publikoetako langileei diru murrizketak inposatu, eta Nafarroako Gobernuak murrizketak berak egin eta irakaskuntza eremuan, publikoan zein itunduan, ezarri» zizkionean. Horrek, soldata taulak %4,6 eta %6,8 murriztea ekarri zuen. 2012an NIE-k «beste murrizketa bat inposatu» zuela gaineratu zuen, soldatak %2,5 jaitsiz eta ikastola bateko jantokiko langileei hitzarmeneko artikulu bat urratuz.

Denbora tarte luze horretan LABek proposamen bat baino gehiago egin duela baieztatu zuen sindikatuak, baina Nafarroako Ikastolen Elkarteak guztiak arbuiatu ditu «taulak (murrizketekin) sinatu behar zirela argudiatuz», eta gainerakoan «lan hitzarmen espainiarra» aplikatuko zutela ziurtatuz.

Bestalde, Nafarroako ikastoletan indarrean zegoen hitzarmenaren iraunaldia 2010eko abenduan amaitu bazen ere, akordio berri bat hitzartu arte bere iraunaldia luzatuta geratzen dela azpimarratu zuen LABek. Hala ere, NIE-k negoziazioetan aurkeztutako proposamen guztiak baztertu dituela jakinarazi zuen sindikatuak. Norabide horretan, joan den ekainaren 28an Estatu espainoleko hitzarmena ezarriko duela jakinarazi zien langileei. Erabaki horri kalean erantzungo diola ziurtatu zuen LABek.

ELA sindikatuak ere ohar bat kaleratu zuen gai honen inguruan, baieztatuz NIE-k ez duela derrigorrean hitzarmen espainola aplikatu beharrik, prozedura ez baita automatikoa. Elkartearen jokabidea salatu zuen arren, negoziatzeko prestutasuna agertu zuen.

Kristau eskolak

Bestalde, Kristau Eskola sareko patronalak atzo jakinarazi zuenez, bihartik aurrera, hitzarmena iraungitzen denez, langileen soldata Lakuako Gobernutik jasotzen duten diru laguntzaren araberakoa izatea proposatuko du. Sindikatuek negoziatzeari uko egin diotela baieztatu zuen eta, horregatik, Estatu mailako hitzarmena ezarriko duela.

justizia, langileekin

Nafarroako Ikastolen Elkarteak ezarritako murrizketen kontra jarritako salaketa guztietan epaileek langileen alde egin dutela nabarmendu zuen LABek, NIE-k helegite ugari aurkeztu dituen arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo