GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Botikina

 

Lehen aste hau bukatu dela aprobetxatuz, urtero legez Tourreko lehen asteko protagonista nagusienetakoari aipamena egin nahi nioke tartetxo honetan. Mendia hasi aurreko lehen etapa hauetan, zoritxarrez, medikuaren botikinak ez du deskantsurik izaten: Betadinea, gasak, ukenduak eta abarrak hoteletako geletan hara eta hona ibiltzen dira. Halere, gaitz erdi hauek baino ez direnean! Oroitzapen tristeak dakarzkit lehendabiziko aste honek niri, azken hiru urteotan etxera etorri beharra izan baitut Tourreko lehen astean eta, zin dagit ez dela inola ere samurra etxera bueltatzean izaten den sentimendua.

Aurten, elkarrekin entrenatzen garen taldeko bi ordezkari daude lasterketan. Bata, fin dabil errepidean zein idazle lanetan, Haimarrek, ordea, zoritxarrez, Tourreko erorketa tipiko horietako batean, atzamarra apurtu du. Egoera zaila da harena, ez hezurraren apurketagatik, horrek dakarrenagatik baino: ordura arte egindako lan guztia, urteko helburu nagusiak betetzeko oztopoa, amorrua, inpotentzia... Baina usurbildarra, ezer bada, gogorra eta profesionala da oso, eta, indartsu jarraitzen du onenekin borrokan. Ez da broma egiten ari dena, animo Haimar!

Egoera antzekoa bizi izan duena da azken egunotan liderraren elastikoa daraman hegoafrikarra ere. 2009. urtean Turkiako itzulian erorketa larria izan ondoren, urte osoan zehar errekuperazio lanetan jardun zuen bere kirol mailara itzultzeko. Ez da erraza horrelako egoeretan aurrera jarraitzeko indarra biltzea, baina denborak bakoitzari berea ematen diola esaten dute eta Daryl Impeyri aurtengoan iritsi zaio saria.

Gaur Pirinioetako lehen etapa izango da; gidoia aldatuko den esperantza dut. Erorketak eta tentsioa alde batera utzi eta gizonik indartsuenak nola dauden ikusteko balioko du; baita euskal zaleak bide bazterretan ikusteko ere. Asteburu polita daukagu aurretik eta ea ikuskizun polit batekin gozatzerik dugun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo