GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako Aldundia herrietara egun osoko bisitak egiten hasi da

GARA |

Sarri izan da Aldundia Gipuzkoako hainbat herritan, baina atzo aurkeztu zuten ekimen berriaren xedea ez da gertaera edo proiektu bat dela-eta horiek bisitatzea. Herrietako errealitatea zuzen-zuzenean ezagutu nahi dute udal ordezkari, eragile eta herritarrekin batera. Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetza zuzendariak adierazi zuenez, «Herritarrekin Herrira» proiektu iraunkorra da, pixkanaka arlo hau lantzeko. Asteasun eta Eskoriatzan izan dira, eta Andoainera, Elgoibarrera, Ormaiztegira eta Mutiloara joanen dira hurrengo hilabeteetan. Azaroan eta abenduan ez dute halako ekimenik egingo, eskualde guztietan egonen direlako aurrekontuez mintzatzeko.

Edukian ere desberdina dela esplikatu zuen Ruiz de Larrinagak, herrietan egoteko beste modu bat delako: aurpegia jartzen diete herriei, bertatik bertara ezagutzen dituzte haien nahiak, bizilagunek ere erlazioa dute erakundearekin... Irekia da; nahi duten guztiek dute parte hartzeko aukera. Antolaketari dagokionez, elkarlanean prestatzen dute eta prozesuari garrantzia ematen diote. Askotariko herriak bisitatzea da helburua: eskualde eta tamaina desberdinetakoak, landa eremukoak eta hirigunekoak... «Herritarren parte-hartzearekin eta horiekin komunikazio zuzena izanez bestelako Gipuzkoa» bat eraikitzeko nahiaren barrenean kokatzen da egitasmoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo