Errotarrik ekarri du jai giroa
Jaiak astelehenean hasi arren, atzo eman zioten ongi etorria Errotan jai giroa iragartzen duen Errotarri saguzarrari. Gaur, Gazte Egunarekin agurtuko ditu hurrengo urtera arte bere jaiak: sukaldaritza txapelketa, herri bazkaria, bakarrizketa saioak eta kontzertuak izango dira Gasteizko auzoan. Akerraren Kiratsa, Egarriz eta Zuloak arituko dira gaueko 21:30ean.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Jaien azken txanpan dago egunotan Gasteizko Errota auzoa. Aste honetan zehar Venezuelari zein krisiari buruzko hitzaldiekin eta futbito txapelketekin bete du egitaraua, eta herenegun Euskararen Eguna ospatu zuten bertakoek dantza, haurrentzako antzerkia, bertso afaria eta gau musikatuarekin, besteak beste. Gaurtik hasita, asteburuko egitarauak amaiera bikaina emango die aurtengo jaiei. Egitarau laburra baino indartsua dute «errotarrek». Jaien egitaraua astelehenean hasi bazen ere, atzo izan zen Errotarriren jaitsiera, Mairulegorretako kobetatik jaitsitako saguzarraren jaitsiera, baita pregoiaren irakurraldia ere. Gauean, Harresian Zulo eta Boot Boys taldeen kontzertuak izan ziren.
Gaurkoa izango da asteburuan Errotako jaiez gozatzeko egun bakarra; izan ere, bihar Gorbeako leizetik etorri bezala, agur esan eta berriz ere hara bueltatuko da Errotarri. Santo Domingo plaza agertoki nagusitzat hartuta, Gazte Eguna ospatuko dute Gasteizko auzoan eguerditik gauera arte etenik izango ez duen jai egitarauarekin. Hala, 12:00etan sukaldaritza txapelketa izango dute. Paella egin beharko dute parte hartzaileek. Lehiaketan prestatutako plateren usain goxoak sabelaldea iratzarrita herri bazkaria egiteko ordua iritsiko da, 14:30ean.
16:30ean, aldiz, bakarrizketa saioak entzuteko parada egongo da, behin bazkariarekin bapo geratuta. 18:00etan, girotzen hasteko garaia helduko da trikitixa eta alboka hartuta poteoan ibiliz. 20:30ean auzoko gazteen ekitaldia izango da. Bertako Gazte Asanbladak dituen erronkak azaltzeko bideratuko dute ekitaldia, eta bide batez, duela bi urte egoitza bat okupatzeagatik inputatu zituzten bi auzotarren absoluzioa ere ospatuko dute. Isunak gorabehera, lokala okupatzen jarraituko dutela nabarmenduko dute, jai parte hartzaile eta herrikoien aldeko aldarria egiteko ere baliatuko duten ekitaldian.
Hortik ordubetera kontzertuak hasiko dira. Aurten kartela prestatzen tematu dira Errotako bizilagunak: Akerraren kiratsa, Egarriz eta Zuloak izango dira oholtza gainean.
Igandean, ostera, Errotarriren igoera izango da jaiei amaiera emango dion ekintza bakarra. Errota Zaharra auzo elkarteak antolatzen dituen festak dira Errotakoak. Bizilagunengandik bizilagunentzat pentsatuak. Gasteizko Udalak ematen dituen diru laguntzak direla-eta urtero ika-mika izaten da auzoan, eta auzolanaren bidez antolatu behar izaten dituzte jaiak.
Diru laguntza eztabaidagai
Aurten ere tirabira horiek ez dira desagertu, diru laguntza eman du bai, baina azken astera arte ez du bertako Jai Batzordeak horren berri izan: «Jaien antolaketarako oso gaizki etorri zaigu, gauzak ezin lotuta ibili gara azken unera arte», aitortu du bertako kide batek, «nahiz eta eman diguten, urteak pasa ahala gero eta urriagoa da Udalak ematen digun laguntza».
Atzerapenaz gain, eskatzeko trabak izan dituztela jakinarazi dute auzoko Gazte Asanbladako ordezkariek.